Tolosaldetik Durangora: eskualdeko uzta Durangoko Azokan

Imanol Garcia Landa 2018ko abe. 4a, 08:00

Euskal kulturaren nobedadeak bertatik bertara ezagutzeko eta erosteko aukera paregabea da Durangoko Azoka, eta urtero moduan, Tolosaldeak ere bere ordezkaritza izango du bertan.

Euskal kulturaren urteroko hitzordua gero eta gertuago dago. Durangoko Azokak 53. edizioa beteko du aurten eta bere ateak abenduaren 5etik 9ra arte zabalik egongo dira, hau da, bihar bertatik hasita igandera arte.

Antolatzaileek azaldu dutenez, «aurtengo Azoka anitza izango da, azken hilabeteetan euskal kulturak utzitako uzta oparoaren islada». Guztira 158 argitaletxe, diskoetxe, kultur elkarte, erakunde eta banatzailek parte hartuko dute. Landako gunean 247 stand egongo dira eta horietan 439 berrikuntza aurkitu ahal izango dira: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko 1 eta 23 bestelakoak. Autoekoizleen plaza ere izango dute, aurten bosgarren urtez, eta 17 autoekoizle egongo dira bertan.

Nobedade horietatik hemezortzik Tolosaldearekin zerikusia dute. Egilea bertakoa delako, edo bertan jorratzen den gaiarengatik, edo ekoiztetxea eskualdekoa delako. Hainbat formatu izango dituzte, gainera, eskualdeko argitalpen horiek: liburuak, musika, argitalpen elektroniko bat eta audio gida bat.

TOLOSALDEKO NOBEDADEAK

Liburuak

Altzoko Handia era Kutixiren gezurrak eta Altzoko Handia eta Kutixiren pianoa. Koldo izagirrek idatzitako testuak eta Irrimarrak egindako ilustrazioekin. Erein argitale- txea. Haur eta Gazte Literatura.

Arrikrutz, Oñatiko lehoia. Aranzadi Zientzia Elkartearen argitalpena. Iñaki Zubeldia ikaztegietarrak testu bat idatzi du bertan; bera izan zen beste lagun batekin lehoiaren hezurdura topatu zuena. Historia.

Asteburu zuri bat.Usainak. Garbiñe Ubeda tolosarrak eta David Zapirainen liburua. Farmazia Beltza argitaletxea. Narrazioa.

Atsotitzak argazkitan. Oskia Karrera argazkilari tolosarrak egindako liburua. Auto ekoizpena. Artea, zinea eta argazkilaritza.

Eleuterio Tapia: bera zen festa. Asteasuko trikitilariari buruz Josean Agirrek egindako lana. Euskal Herriko trikitixa Elkartea argitaratua. Biografiak eta saiakera.

Euskal Herrietako ipuin gaiztoak. Juan Kruz Igerabide adunarraren testua, Elena Odriozolaren ilustrazioekin. Denonartean argitaletxea. Haur eta Gazte Literatura.

Everest: herri oso bat gailurrean. Ramon Olasagasti berrobitarrak idatzitako testua , Cesar Llagunoren ilustrazioekin. Bilbao Mendi Film Festivalen proiektua da, eta Sua argitaletxeak argitaratua. Komikia.

Ez da nire errua!. Christian Voltzen testua eta Xabier Olarra tolosarraren itzulpena. Pamiela argitaletxea. Haur eta Gazte Literatura.

Grigor eta erlea. Juan Kruz Igerabide adunarraren testua eta Concetta Probanzaren ilustrazioak. Alberdania argitaletxea. Haur eta Gazte Literatura.

Lurra bere erro gorrira. Karlos Linazasoro tolosarraren liburua. Balea Zuria argitaletxea. Poesia.

Sasieskola (Lekukoa.) Garbiñe Ubedaren tolosarra da egilea. Elkar argitaletxea. Narratiba.

Tolosa 1945-1975. Javi Bucesek idatzitako liburua. Aranzadi Zientzia Elkarteak argitaratua. Historia.

Itzalitako kalabazen berpiztea. Baliarraingo Josu Ozaita Azpiroz eta Jaime Altuna Ramirez antropologoek egindako ikerketa etnografikoa.

Musika

1, 2, 3 nirekin jolastu nahi eta Miru, goazen jolastera. Berrobiko Kiliklon Ekoizpenak (Sointek produkzioak) etxeak argitaratutako diskoak. Haur musika.

Borobilean eta Musua. Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek Katxiporreta ekoiztetxearen bitartez argitaratutako diskoak. Aiora Zulaika Pirritx Tolosan bizi da eta Oihana Sanchez aktore tolosarrak ere parte hartzen du proiektuan. Haur musika.

Ying Yang. Maddiren diskoa, Tolosako Bonberenea Ekintzak argitaratua. Rock.

Zuzenean. Pettiren diskoa, Tolosako Bonberenea Ekintzak argitaratua. Kantautoreak.

Argitalpen elektronikoak

Aralar: mundua leku den lurra. Landarlan elkarteak eta On Produkzioak etxeak egindako dokumentala Aralarri buruz. Euskal Editorea S.L.

Bestelakoak

Yoga saioa. Maite Eizmendi yoga irakaslearen audio gida. Auto ekoizpena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!