Finaletik tanto bakarrera geratu da Miren Larrarte

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abe. 2a, 15:33

Bidaniarrak ezin izan dio Olatz Arrizabalaga gernikarrari irabazi, eta partida gainera azken tantoan erabaki da (18-17). Arrizabalagak, beraz, Azkoitian jokatuko du lau eta erdiko txapelketako finala datorren igandean, Patri Espinar Usansoloko pilotariaren aurka.

Neurketa estua izan da hasieran, baina bizkaitarrak aldea irekitzea lortu du. Une guztian zehar, atzetik aritu behar izan du Larrartek. 12-7, 16-8 eta 17-13 galtzen joan da bidaniarra. Hala ere, azken txanpara hobeto heldu da fisikoki, eta ezker zeharrari esker tanto dotoreren bat edo beste egitea lortu du. Boleaz ere defentsa ikusgarria erakutsi du. Hala ere, eta azken tantoan sakea bere alde zuela, bi paretako jokaldi baten bitartez zabalera ireki du pilota Arrizabalagak, eta Larrarteren erantzuna ezerezean geratu da.

Txanponak alde batera edo bestera eror zezakeen, eta azkenean aurkia tokatu da aurpegiaren ordez. Amezketara hurbildu diren pilotazaleek, baina, ederki gozatu dute bi pilotariek erakutsitako mailarekin, eta txaloz agurtu dituzte. Ondoren, goizeko azken partida jokatu da, lehen mailako txapelketako bigarren finalerdia. Patri Espinar erraz gailendu zaio Maite Ruiz de Larramendiri, eta 18-6ko azken emaitzari esker, finalerako txartela lortu du.

Promozioko txapelketako finala ere erabakita

Jaialdiko lehen partida ere, benetan gogorra izan da. Promozioko txapelketako lehen finalerdian, Amaia Aldai eta Araitz Eizagirre aritu dira elkarren aurka. Aldai dimarrak lan handia egin behar izan du, defentsan sendo aritu den Eizagirreri 18-15 irabazteko. Nabarmentzekoa da, partida honetan 250 pilotakada jo dituztela bi pilotariek. Bigarrenean, berriz, Oihana Orbegozo eta Naroa Elizalde aritu dira nor baino nor, eta azkenean, Orbegozo azpeitiarrak 18-13 irabazi dio Zubietako (Nafarroa) pilotariari.

Hortaz, datorren igandean Azkoitian jokatuko diren lau eta erdiko Emakume Masters Cup txapelketako finalak erabakita geratu dira. Lehen mailakoan, Espinar eta Arrizabalaga arituko dira. Promozio mailakoan, berriz, Orbegozo eta Aldai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!