Osasun publikoaren afera

«Medikuon agendek ezin dute amaiezinak izan»

Mikel Iraola 2018ko aza. 30a, 17:59

Tolosako Anbulatorioko lehen arreta zerbitzuko langileek elkarretaratzea egin dute, «pertsonal eta denbora falta» salatu eta «kalitatezko zerbitzua eskaintze aldera erabakiak hartzeko» eskatuz.

Lehen Arreta Arnasberritzen plataforma duela urtebete pasatxo sortu zuten, arreta zerbitzuaren kalitatean izandako beherakadak sortutako kezkak bultzatuta. Gehienbat medikuek osatua da, baina badira erizainak edota administrazio lanetan diharduten langileak ere.

Estamentu guztiei eragiten dien gaia dela dio Ina Idarreta medikuak. Gaurko elkarretaratzearen ostean berak hitz egin du, plataforma osoaren izenean.

Kalitatearen galera hori zerk sortu duen galdetuta, lehenengo eta behin pertsonal eta denbora falta aipatu ditu plataformak. «Ez dago ordezkapenik. Eta ez bakarrik oporrak hartzen ditugunean. Hutsune estrukturalak daude. Hemen leku aldaketa baten ondoren plaza hori bete gabe geratu da; bada beste kasu bat bajan dagoen langile batena, eta bere ordez ez dago inor», azaldu du Idarretak.

Baja horiek sortutako hutsuneak guztien artean bete behar izaten dituztela azpimarratu dute plataformako kideek, eta horrek sistema osoa aztoratzen duela: «Legez jarria dago 1.500 paziente artatu ditzakegula, baina une honetan Tolosan 1.700 ari gara artatzen, gehi falta direnek utzitakoak. Guk egunean gehienez 27 paziente jasotzeko muga dugu jarria, baina batzuetan 40ra iritsi daiteke zifra hori. Eta hori ezinezkoa da kalitatezko zerbitzu bat emateko».

Horrek guztiak pazienteen osasuna arriskuan jartzen duela ohartarazi du Idarretak: «Gure agendek ezin dute amaiezinak izan. Kalitatezko lana egin nahi badugu, muga jarri behar da. Ez da lanik egin nahi ez dugulako. Hain justu, gure lana asko gustatzen zaigu. Baina ondo egin nahi dugu. Osakidetzaren lan ildo bat pazientearen segurtasuna da, eta denborarik gabe gauza asko gainetik pasatzen dira. Arriskuan daude, alde batetik, gaixoaren segurtasuna, eta baita medikuon osasun mentala ere».

Epe laburrerako bi soluzio proposatzen dituzte: alde batetik, kontratazioak egin behar direla aldarrikatu dute: «Ordezko kontratazio txar ugari egin dituzte azken urteotan eta jendeak alde egin du, Europa aldera. Kontratu onak egin behar dira, altxorra da hori. Agian horrela kanpora joan direnak edo pribatuan lan egiten dutenak etorriko lirateke publikora. Kontratazio onak egiteko dirua behar da, baina murrizketak egiten ari dira».

Bestalde, itxaron zerrendak sortzearen ideia jarri dute mahai gainean: «Urgentzia duten gauzak bideratu beharko dira, eta gainerakoak itxaron zerrendara bidali. Hori egiten dute Europako beste herrialde batzuetan».

Zentzu horretan, gizarteari ere ardura eskatu diote: «Presaz bizi da gizartea. Urgentea ez bada ere, jendeak zerbitzua orain ematea nahi du. Gainera, azken urteotan gizartearen partetik ardura falta pixka bat ere egon da. Batzuk katarro txiki batekin etortzen dira, eta horrek asistentzia moteltzen du. Txandak ematen dituztenek ere ez dakite nola eman erantzuna horri, eta enfrentamenduak sortzen dira».

Osakidetzak abiatua zuen egoera horri buelta emateko prozedura, baina geldirik dagoela salatu du Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak: «Osakidetzak txostena bidali zuen, langileok ekarpenak egin genitzan. Egin genituen. Baina ez dugu berri gehiago. Lehen arretako batzorde berezi bat ere sortu zuten. Izendatu zituzten kideak, baina ez dira gehiago bildu. Ez badugu soinu pixka bat ateratzen, hor geratuko da».

Egoera «larria» dela diote langileek, eta «erantzun azkarra behar» dela. Azken hausnarketa bat ere plazaratu dute: «Honekin burura datorkiguna zera da: honen atzean egongo ote da zerbitzu publikoaren bukaera?».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!