Txapelketa aurkezpen bat baino gehiago

Asier Imaz 2018ko aza. 30a, 15:10

Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko V. Txapelketan eskualdeko hiru ordezkari egongo dira

Pilotabizi Pilotazaleen Elkarteak pilota munduko eragile ugari elkartu zituen atzo Amasako Hika Txakolindegian: federazio desberdinetako ordezkariak, pilota elkarteetako kideak, pilotari ohiak nahiz pilotariak, kazetariak eta pilotazaleak.

Amezketako elkarteak bi helbururekin antolatu zuen Hika-ko ekitaldia: alde batetik, Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko V. Txapelketa aurkezteko, eta bestetik, esku pilotaren inguruko hausnarketa bat martxan jartzeko.

Parte hartzea, errekorra

Abenduaren 3an hasiko da Elkarteen Arteko V. Euskal Herriko Esku Pilota Txapelketa. Pilotabizikoak «harrituta» azaldu dira parte hartzearekin, orain arteko altuena izango delako: «Ikaragarrizko harrotasuna sortzen digu horrek; ondo egindako lanaren emaitza dela uste dugu, eta aurrera jarraitzeko indarberrituta gaude». 24 elkarte horietatik hiru Tolosaldekoak izango dira: Amezketako Zazpi Iturri, Tolosako Tolosa CF Aurrera eta Villabonako Behar Zana. Hego Euskal Herriko lau lurraldeek izango dute ordezkaritza txapelketa honetan. Aurre kanporaketen ondoren lehen fasea Amezketan jokatuko da, abenduaren 16an, 22an, 29an eta urtarrilaren 4ean. Bigarren fasea Idiazabalen izango da, eta final-laurdenetatik aurrerakoa Tolosako Beotibarren. Finala martxoaren 10ean izango da.

Hika Adierazpena

Pilotabizi elkarteak lau puntuko adierazpena aurkeztu zuten atzoko ekitaldian. «Pilota mundua bultzatu, garatu eta modernizatu» nahian talde baten sorrera iragarri zuten, elkarlanean. «Promozioa, formakuntza, proiekzioa eta hedapena bultzatzea» izango litzateke talde horren helburua. «Horretarako, baliabide eta asmo partikularrak bateratu, gehitu eta partekatu» behar direla uste dute Pilotabizi Elkarteko kideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!