40 urteetako bizipenak gogoratuz

'Bulkada berrien garaia da!' ekimenaren barruan, Anoetako Ernaik mahai ingurua antolatu du, 40 urte hauetan gazte antolakundeetan parte hartu dutenen bizipenak partekatzeko.

Berrogei urte dira Jarrai gazte antolakundea sortu zela, eta hori dela eta, Ernai gazte antolakundeak Bulkada berrien garaia da! egitasmoa jarri du martxan. Ekimen horren barruan, 40 urte hauetako esperientziak partekatzeko mahai ingurua antolatu du Anoetako Ernaik. Bertan parte hartuko dute Saioa Tolosak (Tolosa, 1975), Egoitz Luisak (Anoeta, 1983), Jokin Tolosak (Anoeta, 1991) eta Garazi Karrerak (Irura, 2001), eta beraiekin bildu da TOLOSALDEKO ATARIA.

Saioa Tolosak Egizan erakunde feministan Koordinadora Abertzale Sozialistaren (KAS) barruko erakunde feminista izan zen hasi zuen bere militantzia prozesua: «Garai horretan, Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundean parte hartzen zuten gehienek Jarrai antolakundean militatzen zuten gero. Garai horretan sortu zen Egizan; beren diskurtsoa entzutera gonbidatu gintuzten eta ni hor hasi nintzen militatzen».

Egoitz Luisa Haika antolakundeko kidea izan zen lehenengo, eta ondoren Segin hartu zuen parte. Azpimarratu du beren militantzia prozesuan zerikusi handia izan zuela Joxe Arzallus herritarra espetxean egoteak: «Gure garaian, Joxe Arzallus Anoetako herritarra preso zegoen oraindik, eta oroitzapena daukat horrek eragin handia izan zuela gure militantzian. Gaztetxetik, eta orokorrean, herrian zegoen mugimendutik, ikusten genuen zein egoeratan zegoen Euskal Herria, zein injustizia zeuden, eta horren aurrean hasi gine gazteak elkartzen eta gazte mugimenduan parte hartzen», nabarmendu du Luisak.

Garazi Karrera ikastolan hasi zen militantzian parte hartzen, eta gaur egun, Ernaiko kidea da: «DBH4. mailan hasi nintzen begietako benda kentzen eta injustizia batzuez konturatzen. Ikusi nuen injustizia horiei aurre egiteko beharrezkoa zela orain arte borrokan ibili diren guztiei jarraipena ematea, eta ilusio horrekin hasi nintzen».

ILEGALIZAZIOA

40 urte hauetan beren borroka baldintzatu duten oztopo nagusia zein izan den adierazteko garaian ados daude gehienak: ilegalizazioa, eta ondorioz, errepresioa. Egoitz Luisa: «Gure garaiko zailtasun nagusia ilegalizazioa izan zen, eta horren atzetik zegoen errepresioa, beldurra eta presentzia poliziala. Nik uste horrek eragin handia izan zuela gugan, eta baita gazte antolakundeak egin beharreko lanean ere».

Jokin Tolosa ere iritzi berekoa da: «Gure zailtasun handiena izan zen errepresioa oso gordina zela. Lan politikoa egin nahi izaten genuen jendearekin, baina ezinezkoa zen hori, atxiloketak gertatzen zirelako eta beldur handia genuelako. Ondorioz, antolakunde moduan jendearengana gerturatzea oso zaila egiten zitzaigun». Zentzu horretan, azpimarratu du beren lan politikoaren oinarria zela Espainiako eta Frantziako Estatuek ezarritako traba guztiei aurre egitea: «Garbi genuen Euskal Herria eraikitzen hasi behar genuela, baina baldintzek ez zuten laguntzen. Borroka handia egin behar izaten genuen atxiloketei eta ilegalizazioari aurre egiten», azaldu du.

Saioa Tolosak ere nabarmendu du errepresio gogorra jasan behar izan zutela, baina beste zailtasun bat ere gehitu du: mugimendu feministan lan egitea. «Gaur egun, ez da auzitan jartzen borroka feminista, baina urteetan lan handia egin behar izan dugu Ezker Abertzaleak aintzakotzat har gaitzan. Ezker Abertzalea mugimendu mistoa zen, baina garai horretako emakumeek ikusten genuen aparteko beharrak genituela eta borroka egiteko talde propio bat behar genuela. Beti kuestionatzen gintuzten horregatik eta hori izan zen gure borroketako bat», adierazi du.

Zentzu horretan, Luisak azpimarratu du ezinbestekoa dela feminismoa norbanakotik harago aldarrikatzea: «Gure lana da Ezker Abertzaleak berak alderdi feminista bat bezala funtzionatzea». Karrerak azken urteetan Ernai gazte antolakundeak egindako lana azpimarratu du, eta horren adibidetzat hartu du, besteak beste, gaur egun bere militantzia eremuan dagoen emakume kopurua.

MILITANTZIA

40 urteetan mundua eraldatzeko lanean aritu dira eta denek azpimarratu dute pertsonalki jaso dutena.

«Bizitzako edozein esparrutako inertziekin puskatzen lagundu dit. Militantziaren bidez ikusi dut bizitzako hainbat esparrutan ezkutuko arauak daudela, eta nahigabe ere, arau horiek betetzen ditugula. Ikuspegi kritikoa eraikitzen duzu gauza horiekiko, eta bizitzarako hainbat gaitasun ere landu ditut: konpromisoa, hitzekoa izatea, adostasunetara iristeko gaitasuna...», azaldu du Jokin Tolosak.

Saioak nabarmendu du gai askorekiko lortu duen sentsibilizazioa: «Informazio asko jaso dut eta jantzi egin nau horrek. Mahai inguru batean bildu eta eztabaidatzen ere ikasi dut, eta beste ikuspuntu batzuk garatzen ere bai». Luisak ahalduntzea azpimarratu du: «Militanteak garen heinean, helburu batzuk ditugu, eta badakigu helburu horiek lortzeko zerbait egin behar dugula. Militantziak erakusten du gizarte hau aldatu beharra dagoela, eta etorkizuna gure eskuetan dagoela».

Saioa Tolosa kontziente da gauzak ez direla egun batetik bestera lortzen, eta nabarmendu du zerbait lortzeko ezinbestekoa dela borroka egitea: «Akaso urte batzuk pasako dira zerbait lortu arte, baina horregatik ez diogu borrokatzeari utzi behar. Gaur egungo feminismoak ez dauka zerikusirik garai batekoarekin; hasteko, gaur egun jendartea askoz ere sentsibilizatuago dago, eta orduan utopiatzat genituen zenbait gauza gaur egun errealitate dira. Egizanek asmatu egin zuen praktika feminista batzuk kalean jartzen, eta harrotasunez bizi dut hori; horrek erakusten du borroka ez dela alferrikakoa izan».

Iritzi berekoa da Luisa ere: «Gazte Antolakundeak 40 urte hauetan egin duen guztiak bere fruituak eman ditu, eta borroka hori esker ailegatu da Euskal Herria orain dagoen egoerara. Hemendik aurrera, borrokan jarraitu behar dugu nahi dugun Euskal Herria eraikitzeko».

Bide horretan, ezinbestekotzat dute belaunaldi berriak borrokara gehitzea, eta hain zuzen, horregatik jarri dute martxan Bulkada berrien garaia da! ekimena. Lehen geldialdia larunbat honetan izango da, eta udaberri aldera ekintza gehiago antolatuko dituztela aurreratu dute. Egitasmoa amaitzeko, Gazte Topagunea egingo dute apirilaren 19tik 22ra Lemoan, Askatasun bulkadak independentziara! lelopean.

1979.urtean jaio zen Jarrai gazte antolakundea, eta zalantzarik ez da 40 urte hauetako ibilbidea Euskal Herriko historia bezain gatazkatsua eta gorabeheratsua izan ez denik. Gazte mugimenduko kideengandik entzuteko eta ikusteko aukera izango da larunbatean, 17:00etan, Anoetako Gaztetxean. Zita jarrita dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!