Saharako egoera hezkuntzan sartuz

Iñigo Terradillos 2018ko aza. 29a, 11:05
Itsaso Noval eta Josebe Rezola Saharan

Irailean izan ziren Saharako kanpamenduetako bizimodua ikusten Itsaso Noval eta Josebe Rezola Aduna eta Altzoko irakasleak.

Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan izan da hainbat euskal irakasle. Bertako egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute, irailean, Euskal Fondoaren EAThink proiektuari esker. Elikaduraren ingurukoak ezagutzera joan dira, baina horretaz gain, gatazka politikoaren ondorioz jasaten dituzten bizi baldintza gogorrak eta horri aurre egiteko duten antolakuntza ezagutu dituzte. Han ikusi eta bizitakoa beraien hezkuntza zentroetan zabaltzeko helburua ere badute.

Ikasleek gatazka politikoaren ondorioak ezagutzea, eta saharar herriaren aldeko konpromiso aktiboa sustatzea nahi dute. Hainbat irakasle izan dira bertan, eta tartean izan dira eskualdekoak: Itsaso Noval Adunako irakaslea eta Josebe Rezola Altzoko irakaslea, eta baita Xabi Goikoetxea tolosarra, Gasteizen irakasle dena.

TOLOSALDEKO ATARIA-k Noval eta Rezolarekin hitz egin du. Biak lehen aldiz izan dira saharar kanpamenduetan, eta han ikusitakoa hemen lantzen saiatzen ari direla azaldu dute.

Familiaren kontzeptuak harritu ditu, garai bateko baserrietako familiak ekarri dizkie gogora. Zein duintasunarekin daramaten bizitza aurrera, zein balore transmititzen dituzten, bizipoza, irribarrea... eredu izan dituzte. Eta herri bezala ere duten lotura, eta aurrera egiteko duten kemena nabarmendu dituzte. Baina era berean, «oso gogorra» egin zaie bidaia. Hainbat ikastetxe ere bisitatu zituzten, eta harrituta geratu dira hain baliabide gutxirekin zer nolako antolaketa duten, «izugarria» da.

Adunan, argazkien bidez han bizitutako kontatu ziela dio Novalek, eta azaroan egin den azokan postu bat jarri zuten: «Xaboiak egin genituen, eta horiek salduz atera dugun dirua Saharara bidaltzeko asmoa dugu».

Altzon, berriz, gidoi bat prestatu dute Saharako historiarekin. Eta Rezola ere udalarekin harremanetan jarri da eta abenduaren 9an egingo duten azokan Sahararen inguruko posterrak eta jarriko dituzte. «Tailerretan ukenduak, panpinak,... prestatzen ari gara postuan saltzeko», dio. Tolosaldea Sahararekin elkartearekin ere harremanetan jarri dira eta datorren asterako Sahararen Astea antolatzen ari dira. «Asteartean esaterako saharar bat etorriko zaigu ipuin bat kontatzera», argitu du Rezolak.

Helburua eskolan eta inguruan zabaltzea zuten, eta lortu dute. Bi irakasleek, haurrek interes handiarekin jarraitzen dutela azaldu dute.

Erlazionatuak

Sahararren egoeraz ikasgeletan

Tolosaldeko Ataria 2018 aza 29 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!