«Harrituta geratzen dira artista guztiak euskaldunak direla jakitean»

Iñigo Terradillos / Iker Larrañaga 2018ko aza. 28a, 15:36

Gure Zirkuak lehendabiziko bira amaitu berri du. Lau hilabeteko iraupena izan du, hamabi herritatik igaro da, 97 emanaldi eskaini ditu eta 25.000 ikusle inguruk gozatu dute; esperientzia «oso ona» izan da.

«Lehen euskal zirku ibiltari» bezala definitu du Iker Galartza aktore amezketarrak Gure Zirkua. Harmailak jendez bete dituen zirku honek agur esan dio lehen birari eta dagoeneko hurrengoan pentsatzen ari dira.

Lehen euskal zirku ibiltariak bukatu du lehen bira.

Errespetuz eta begirunez zirkuan lanean aritu diren euskaldun guztiei. Asko izan baitira, baina, gurea esango dugu, karpa batekin eta formatu honetan egiten den lehena dela. Zirku asko erabat aritzen dira urte osoan, eta bertan bizi dira. Gu, ordea, ez gara zirkuan jaio eta bizi. Birak iraun duen lau hilabeteetan etxetik kanpo izan gara. Lau hilabete zoragarri izan dira, baina, luzea ere bai, nekea bizkar gainean nabari dugulako. Hori bai, lehendabiziko esperientzia oso ona izan da.

Amezketan hasi zenuten.

Bertakoa naiz sortzez, eta argi nuen dena alde izango genuen herri batean hasi behar genuela. Herri asko dira, batez ere, eskualdean, estimu handia digutenak, Poxpolo ta Mokoloren garaitik, baina, Amezketan bagenekien lagunak eta familia bertan izanik errazagoa izango zela. Muntaiaren ikuspegitik ere Tolosatik gertu egitea komeni zen. Harrera oso ona izan zen, eta orain atzera begiratzean, nostalgia puntu batekin eta lotsa apur batekin gogoratzen dugu. Izan ere, lau hilabete hauetan gure lanak gorantz egin du. Hasierako emanaldia oso xumea izan zen eta nabari zen hasiera zela.

Espero zenuten halako erantzuna izatea?

Gauzak ondo ateratzea espero genuen. Pertsona batek zirku karpa bat erosten duenean ez du kapritxorako erosten. Horrelako abentura bati energia guztia jartzen diozunean gogoz abiatzen duzu proiektua. Nahiko arriskutsua ere bazen, erreferentziarik ez genuelako, baina sorpresa izan zen uste baino hobeto atera delako. Hobetzen ikasi dugu eta biran zehar inbertsioak egiteko aprobetxatu dugu, gure ikuskizuna hobetzeko.

Noiz erosi zenuten karpa?

Orain dela hiru urte. Frantziara irtenaldiak egiten dituen zirku afizionatu jendea badaukat inguruan, hemen ez dauden zirkuak daudelako han. Bidean gindoazela beti norbaitek aipatzen zuen zirku karpa bat erostearen ideia. Bada, bigarren eskuko karpa bat erosi genuen, baina, ezin izan zen erabili beharrezko azpiegiturarik ez genuelako. Pixkana joan gara osatzen zirkua egiteko beharrezko guztia.

Hainbeste denbora eskaini diozuen proiektua aurrera doala ikustearen sentsazioa, ona izango da, ezta?

Hunkigarria. Ezer ez dagoen toki batean eraikitzen hasi eta iluntzerako dena prest eduki nahi duzu, kanpoko argiak piztu eta dena muntatuta dagoela ikusteko. Gure lantaldean denetarik egiten ikasi dugu, euritan jasotzen, leku aldaketak egiten eta materiala konpontzen, esaterako. Horregatik, langileei gurean hasi aurretik argi uzten diegu gure lana ez dela mugatzen gidoi bat ikasi eta jendaurrean agertzera. Denetik egokitzen zaigu.

Harrera ona izan du birak, eta aurreikusi baino emanaldi gehiago ere egin beharra izan dituzue bete egin delako segituan.

Egia da zirkua tamainaz txikia dela, baina, bete egin da. Lau hilabeteetan hamabi herritan izan gara, 97 emanaldi eskaini ditugu eta 25.000 ikusle izan dira orotara. Uste dut adin tarte guztietara iristen asmatu dugula eta hori zen nire helburuetako bat.

Musika zuzenean, pailazoak, eta era askotariko trebeziez gozatzeko aukera izan da.

Eta artista guztiak euskaldunak. Euskal Herriko onenetarikoak, gainera, eta ikusleei artisten izenak aurkezten dizkiegunean harrituta geratzen dira euskaldunak direla ohartzean.

Nolakoa izan da artista guztien, lantaldearen balorazioa?

Bukatu berritan, oso ona. Denbora pasatzen denean beste ikuspegi batetik ikusi beharko dugu, baina, sentsazio ona ez digu inork kenduko. Orain hasiko gara aurrera begirakoan pentsatzen, zerk funtzionatu duen, zer aldatu...

Tolosako zirku tailerrari begira zaudete orain.

Afizioa sortzea garrantzitsua dela uste dut. Edozein eskolatan zirku tailer bat antolatuz gero umeek izena emango lukete, gustatzen zaien zerbait delako. Aste Santuan egin genuen esperimentuan ume mordoa gerturatu zen, eta urte bukaerarako asmo horrekin gabiltza.

Ondoren joango zarete hurrengo bira prestatzen.

Inauteriak iristerako zirkua jaso eta prest izatea nahiko genuke, berriro errepidera irteteko. Bigarren birari lehenago ekitea nahiko genuke.

Herri berrietan izango zarete?

Bai, hori da asmoa, igaro ez garen herrietara eramatea Gure Zirkua. Formula desberdinak pentsatzen ari gara hori modu egokienean egiteko, eskualdeka, esaterako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!