Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2018

"Pentsioen arrakala patriarkatuaren bortizkeria da"

Ataria 2018ko azaroaren 26a

Tolosaldeko Jubilatu eta Pentsionistek manifestazioa burutu dute Tolosan. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko egunaren harira, manifestazioa burutu dute eta herriko hainbat puntu zeharkatu dituzte.

Tolosako Plaza Zaharrean bildu dira eta emakume pentsiodunak izan dira pankarta eskutan hartu dutenak. Emakumeen aurkako indarkeria da, pentsio sistema hau ere leloa ibili dute kalez kale. Hasteko, Emakumeen plazara joan dira, bere garaian puntu beltz bezala markatu zutelako Tolosan. Ondoren, Maria Luisa Agirre doktorearen omenezko plazatik igaro dira, eta berriz, udaletxea atarira itzuli dira bertan manifestazioa amaitzeko.

"Pentsioen arrakala patriarkatuaren bortizkeria da, pobreziaren mugaren azpitik bizitzera behartzen gaituelako", esan dute mobilizazioaren amaieran. "Pobrezia, berez, bortizkeria da: bazterketa, prekarietatea eta ezin defenditzea dakartza". Duela urtebetetik gora, astelehenero elkartzen dira herritarrak protesta egiteko, "emakume pentsiodunak asko, eta pentsiorik gabeak beste asko". Kokoteraino daudela aldarrikatu dute: "Ikusezinak izateaz eta diru sarrerarik ziztrinenak izateaz. Nazkatuta gaude oinarrizko gauzetan pribazioak izateaz, gure bizitza osoan lan egin ondoren".

Aurreko aldietan bezala, 1.080 euroko oinarrizko soldata eskatu dute gaurko mobilizazioan ere. "Dirua badago, bi gobernutan, hangoan eta hemengoan, frogatuta dago. Ikusten gaituzte, entzuten gaituzte... baina gure zergei esker bizi diren autoritate horiek ez digute aditzen". Borrokan segitzeko deia luzatu dute emakume pentsiodunek, "botere patriarkal honek ez digu inoiz ezertxo ere oparitan eman".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!