Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2018

[GUTUNA] Hau ez da gure justizia

Alazne Ruiz, Alhoa Karrera, Iraitz Mugerza eta Lurdes Etxeberria 2018ko azaroaren 23a

Sortuk bat egiten du Euskal Herriko Mugimendu Feministak Azaroaren 25erako deitu dituen mobilizazioekin eta testuinguru honetan egin duen irakurketarekin.

Salatu nahi dugu egungo “justizia” ez dela halakorik. Mugimendu feministak egin duen irakurketarekin bat eginez, justiziak eta bere hierarkiak ikuspegi patriarkala eta punitibo hutsa birproduzitzen dutela salatzen dugu. Esparru horretan ematen den asistentzia eta eskaintzen diren prozedurak hutsunez beteak daude, erasoak pairatu dituzten pertsonen kaltetan.

Zoritxarrez, gaur-gaurkoz, euskal erakundeek ez dute eskumenik esparru judizialean behar den aldaketa eragiteko, ez eta sexuen arteko berdintasuna arautzeko. Horrek gure interbentzio gaitasuna kaltetu eta mugatzen du.

Indarkeria sexistaren adierazpideak berritzen ari dira, eta gero eta konplexuagoak dira. Gure interbentzioa eraginkorra izatea helburu badugu, kontuan izan behar dugu indarkeria matxista emakumeok pairatzen dugun botere-harreman eta diskriminazio egoera mantentzeko tresna dela. Hau da, egungo protokoloak eta interbentzio bideak hobetu egin behar dira, eta soilik egungo sistema errotik aldatuta gaindituko da indarkeria sexista. Erronka honen tamaina barneratu behar dugu, beraz.

Hori guztia kontuan izanda, gure ustez Euskal Herrian badago sentsibilitate, indar sozial eta antolatutako eragile nahikoa indarkeria matxistari aurre egingo dion interbentzio eraginkorra diseinatu eta martxan jartzeko. Horrek eztabaida politiko sakona eskatzen du, interbentzio koordinatu bat eta tresna eraginkorrak, komunitate gisa, herri gisa. Prozesu hori garatzeko, ezinbestean, emakumeon protagonismoa eta ahotsa behar da.

Bien bitartean, eragile orok badugu ardura indarkeria sexistaren espresio orori aurre egiteko. Sortuk badu horretarako barne tresna bat, eguneratzen ari garena, eta filosofia horrekin bat egin nahi duena. Zero tolerantzia eta eraldaketaren ikuspegian oinarritzen da.

Alazne Ruiz, Alhoa Karrera, Iraitz Mugerza eta Lurdes Etxeberria, Sortuko kideak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!