«Mapa, iparrorratza eta altimetroarekin soilik ibili ginen»

Irati Saizar Artola 2018ko aza. 22a, 11:01

Mikel Garaikoetxea mendizale tolosarrak filmatutako bideoa ikusgai izango da, bihar, Belauntzako kultur etxean: 'Mendebaldeko Alpeetan zehar oinez 1988an'.

Duela hogeita hamar urte Alpeetan pasa zituen 27 egun Mikel Garaikoetxea tolosarrak Fernando Osa zenarekin batera. Iparrorratza, mapa eta altimetroa aldean hartuta egin zituzten Leman lakutik mediterraneora dauden 650 kilometro baino gehiago. Gutxi gorabehera, 58 mendi lepo zeharkatu zituzten.

Hango bizipenak 45 minutuko bideo batean jaso ditu tolosarrak, eta bihar izango da ikusgai, Belauntzako kultur etxean, 20:00etatik aurrera.

Bertaratzen denak zer ikusteko aukera izango du?

1988an Alpeetan egindako zeharbideaz hitz egingo dugu. Bide hartan ikusitako paisaia, animalia, lore eta gertatu zitzaizkigun gauzak kontatzeko ere baliatuko dugu tartea.

Zer dela eta bidaia hura?

Garai hartarako Pirineoetan ibilia nintzen beste zeharkaldi batzuk egiten. Beste maila bateko bide bat egin nahi genuen, eta begiratzen hasi ginen. Suitzan dagoen herri txiki batetik abiatu ginen, Leman lakuaren albotik, eta hegoalderantz egin genuen.

Bidea bakarrik egin zenuen?

Fernando Osa Larrarte zenak eta biok egin genuen autonomia osoz, ez genuen laguntzarik izan. Laguntza bakarrak, aterpeetan eskaintzen zuten lotarako lekua eta elikatzeko zerbait bilatzea izan ziren.

27 egun ibili zineten Alpeetan. Nola jaso duzu dena iruditan?

Garai hartan, VHS formatuan grabatu nuen. Arazo asko izan nituen bideo hura editatzeko. Denborarekin formatuak aldatu egin dira gainera, eta orain, erretiroa hartuta nagoenez, denbora hartu eta mp4 formatuan jartzea lortu dut. Denera, lau ordu grabatu genituen eta bi ordutara murriztu nuen lehenbizi, eta 45 minututara jaitsi dut orain.

Garai hartan, teknologia handiegirik gabe joango zineten.

Gps-rik eta mugikorrik gabe, noski. Mapa, iparrorratza, eta altimetroarekin soilik ibili ginen. Ohituta geunden eta arazorik gabe ibili ginen. Mendi lepo oso markatuak dira, eta eguraldi aldetik ere ez genuen inolako arazorik izan. 1971n Frantziako talde batek bide bat markatu zuen zeharkaldi hartarako, baina guk denbora faltagatik beste bide bat egin behar izan genuen. Altuera handiagoetan ibili ginen. Alpinismoan erabiltzen diren teknikak ere erabili behar izan genituen; lehenengo hamabost egunetan hiru mendi multzo pasa genituen piolet, kranpoi eta sokak erabiliz.

Bideo emanaldian presente izango zara?

Hor izango naiz. Bideoko irudiak aldakorrak dira, eta zail ikusten dut tartean komentarioak egiteko. Beraz, hasieran azalpenak emango ditut eta ondoren, galderentzat tartea utziko dut jendeak dituen zalantzak argitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!