Puy Garmendiaren koadroak, Alegiako Erretirodunen tabernan

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 22a, 08:50

Bigarren aldiz jarri du bere margolanen erakusketa Puy Garmendia billabonatarrak Alegiako Erretirodunen tabernan.

«Orain bost urte ipini nuen, gustura geratu nintzen eta berriro jartzeko aukera izan dut», esan du Garmendiak. Besteak beste, margolanetan mendi eta itsaso paisaiak erakusten ditu. «Mendian asko ibili naiz, eta itsasoa ez zait asko gustatzen, baina joko asko ematen du margolanetan», esan du Garmendiak. «Gai jakin bat ez dut jorratzen. Pentsatzen dut ea zer gustatuko zaion jendeari eta hori margotzen dut. Ez ditut koadroak egiten gero ohe azpian sartzeko».

Koadroak salgai jarrita ditu Garmendiak. «Ez daude garesti. Nire helburua gutxienez markoa, oihala eta margoak erosteko adina jasotzea izaten da. Hori ordaintzen badute, ni gustura eta erosten duena gehiago, ez baita izaten garesti», esan du margolariak. Ez du zehaztuta margolan bakoitzaren prezioa, erosteko asmoa duenarekin adosten du hori. «Dagoeneko hiru koadro saldu ditut, eta oso gustura nago».

Betidanik gustatu izan zaio margotzea Garmendiari. Hamabi urte zituela sari bat irabazi zuen Ordizian, bere jaioterrian, baina gero ez du hainbesteko aukera izan zaletasun hori garatzeko. «Erretiroa hartu nuenean, barruan nuen gogo hori betetzea pentsatu nuen, eta margoketa klaseak hartzea erabaki nuen», esan du Garmendiak. «Kultur etxean hasi nintzen orain sei urte inguru eta oso gustura joaten naiz». Margotzeak buruan «lasaitasun handia» ematen diola esan du Garmendiak: «Nik bezperatik antolatzen dut zer egingo dudan hurrengo egunean, eta egia esan burua askoz hobe eta erneago izaten dut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!