Harituz Eguna, bertsozaleak elkartzeko hitzordua

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 21a, 13:34
Iazko Harituz Egunean bazkaria Tolosako San Esteban auzo elkartean egin zuten.

Batzarra, bertso poteoa eta bazkaria egingo dituzte larunbatean, Harituz elkarteak antolatuta.

Harituz Eguna antolatu dute larunbat honetarako, azaroak 24, Tolosa eta Ibarra artean. Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeko koordinatzailea den Unai Mendizabalek esan duenez, «batez ere, eskualdean bertsolaritzaren munduan helduen bertso eskoletan dabilen jendearentzako prentsatuta dago. Iaz, arrakasta handia izan zuen eta aurten ere ideia horrekin aurrera goaz eta ea zer moduz ateratzen den» .

Batzarrarekin hasiko dute eguna, Tolosako Abastos eraikinean. «Ideia da Harituzek urte hauetan egindako lana eta izan duen garapena azaltzea eta aurrera begira gure asmoak zein diren azaltzea», esan du Mendizabalek. «Aldi berean, batzarrera etortzen diren bertsozaleen iritziak, proposamenak eta beharrak entzun, horiek bildu eta horiei erantzuteko gai garen ikusi» nahi dutela nabarmendu du.

BERTSO POTEOA

Behin batzarra bukatuta Tolosako Alde Zaharrean zehar bertso poteoa egingo dute. «Parte hartzea librea izango da, izenak zaku batean sartuko ditugu eta taberna bakoitzean hortik ateratzen diren bi edo hiru bertsolarien artean ariko dira bertsotan», esan du Mendizabalek.

Bazkaria Ibarrako Galtzaundi tabernan izango da eta dagoeneko 20 bat pertsonek eman dute izena. Azken eguna izena emateko bihar izango da eta horretarako mezu bat bidali behar da Whatsapp bitartez 695 75 14 50 telefono zenbakira. Bazkalostean, nola ez, bertsotarako aukera ere izango dela argitu du Harituzeko kideak.

BATZARRA

Batzarrean, besteak beste, Tolosaldeko bertso eskolen egoera azalduko dute. Bi multzo bereizten ditu Harituzek bertso eskolei dagokionez: haurrena eta helduena. Helduen bertso eskolei dagokionez, lau talde daude: Berastegi, Alegia, Amasa eta bertso eskola ibiltaria, eta guztira 34 pertsona elkartzen dira. Haurrei dagokionez, hamabost talde eta 55 ikasle inguru daude.

Bestalde, bertsozaletasuna gehiago saretzen jarraitzeko asmoa dute. «Harituz izena jarri genion, ordura arte sakabanatuta geunden bertsozaleak saretu edo harilkatzeko elkarrekin harremanak sortzeko bilgune bezala», esan du Mendizabalek.

«Iruditzen zaigu orain hartu dugun martxa horretan ez ote garen gure baitan gehiegi bildu, eta batzar horren helburua bada egiten ari garen lan hori eskualdeko bertsozaleengana ireki, zabaldu eta saretze lan horrekin jarraitzea», gaineratu du Unai Mendizabalek.

EGITARAUA

11:00. Eskualdeko bertsozaleen batzarra, Tolosako Abastos eraikinean.

12:00. Bertsotrukean bertso poteoa Tolosan, Ama tabernatik hasita.

14:30. Bazkaria Ibarrako Galtzaundi tabernan. Bazkalostean, bertso saioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!