Analfabetismoa hizpide, bihar, Villabonan

Ataria 2018ko azaroaren 20a

Leonela Relys pedagogoa. Irudia: Leo a la vida

Villabonako Iratzar elkarteak eta Kataluniako Guerrilla comunicacional taldeak elkarlanean antolatuta, Leo a la vida dokumentalaren estreinaldia izango da, bihar. Filmaren zuzendari Julio Suarez eta Sebas Parra gidoilariarekin solasaldia izango da ondoren.

Azaroaren 21ean, asteazkena, Julio Suarez zuzendariaren Leo a la vida dokumentalaren estreinaldia izango da Villabonako Subijana etxean, Mintzolako areto nagusian, 20:00etan.

Leonela Relys pedagogoaren bizitzan oinarritzen da ikus-entzunezkoa, eta analfabetismoa du gai nagusitzat. Yo sí puedo, gaur egunera arte asmatu den alfabetatze metodo modernoenaren sortzailea da Relys. Hain zuzen, 12 milioi pertsona alfabetatu dira hamarkada bateko epean metodo honen bidez, eta besteak beste, UNESCOren sari bat jaso du.

Pertsona ugariren testigantzak biltzen ditu Kuban, Venezuelan, Haitin edota Katalunian grabatutako dokumentalak, eta zeharkako beste gai ugari ukitzen ditu: pertsona eta gizarteen arteko ezberdintasun egoerak, bazterkeria, pobrezia...

Leo a la vidak sari ugari jaso ditu, besteak beste, dokumental onenaren saria World Woman Awards edo Orinaga Sarietan, aurten. Habanako 39. Nuevo Cine Latinoamericano jaialdian estreinatu zuten, eta baita arrakastaz egin ere, zinema aretoak betetzea lortu zuen ikus-entzunezko bakarra izan baitzen.

Ostiralean, Kuba eta Katalunia hizpide Zizurkilen

Kataluniako Guerrilla comunicacional taldeak antolatuta, ostiralean beste hitzordu bat izango da Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegiko areto balioaniztunean. Habanako (Kuba) eta Salteko (Katalunia) bi emakumeren arteko gutun trukaketa batetik sortutako Tengo algo que contarte liburuaren aurkezpena egingo dute.

La Habanera eta Vicentita ezizenez dira ezagun bi protagonistak, eta hain zuzen, azken hau Zizurkilen izango da bere esperientzia kontatzen. Emanaldia 19:00etan hasiko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!