Babarrun Lehiaketako sari nagusiak, Albizturko Aramendi familiarentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko aza. 18a, 18:38

Gure Kaiola elkarteak antolatuta, goizean ospatu da XXXII. Babarrun Lehiaketa Gastronomikoa. 28 bikotek hartu dute parte aurten, eta Trianguloa plazan aritu dira guztiak babarrunak prestatzen. Irabazleak, Juan Mari Aramendi eta Gema Aramendi anai-arrebak izan dira. Hauen atzetik, Jesus Mari Aramendi eta Sorkunde Aramendi aita-alabak sailkatu dira.

Beste urte batez, arrakasta handia izan du Gure Kaiola elkarteak antolatutako Babarrun Lehiaketa Gastronomikoak. Aurten ere, 56 pertsona aritu dira Trianguloan jarritako sukaldeetan. Horiek prestatutako babarrunak, goi mailako epaimahai batek dastatu eta puntuatu ditu ondoren. Martin Berasategi, David de Jorge, Iñaki Izaguirre, Aizpea Ohianeder, Alberto Elorza, Denisse Garcia Ayala, Juanjo Mendioroz, Patxi Baumont eta Mikel Escudero izan dira plater bakoitza aztertu dutenak.

Froga pasa ondoren, bazkariaren unea heldu da. Urtero legez, Zerkausian ia 500 herritar elkartu dira 28 bikoteen errezetak dastatzeko asmoz, eta Gure Kaiola elkarteko Jesus Gallego bazkidearen esanetan "pozgarria da urtero Zerkausia horrela ikustea. Geroz eta jende gazteagoak hartzen du parte lehiaketan, baina betikoak ikustea ere nabarmentzekoa da, gugan konfiantza izaten jarraitzen dutelako". Bazkal aurretik eta ondoren, txarangak alaitu du giroa, eta behin lanak bukatuta, sari banaketaren txanda heldu da.

Lehenik, parte hartzaile guztiei, Eroskiren eskutik, produktuez betetako saskiak banatu dizkiete. Ondoren, babarrun lakariak eta Gabonetako loteriaren zenbait zenbaki zozkatu dituzte bazkaltzera gerturatu direnen artean. Azkenik, Lehiaketako sari banaketaren txanda heldu da. Lehenik, herritar onenaren saria eman diete Babarrun Kofradiako kideek Maria Jesus Lozano eta Maialen Amonarriz tolosarrei.

Bestetik, hirugarren sailkatu diren Aitziber Palomero eta Marina Sierra donostiarrei, garaikurra eta 100 euro eman dizkiete. Bigarren sailkatu diren Jesus Mari Aramendi eta Sorkunde Aramendi albizturtarrak, garaikurrarekin eta 200 eurorekin saritu dituzte. Irabazle izendatu dituzten Juan Mari Aramendi eta Gema Aramendi albizturtarrek, 400 euro, garaikurra eta txapela bana eraman dituzte etxera.

Bikote irabazlea oso pozik geratu da egindako lanarekin, eta iaz sentsazio gazi-gozoarekin geratu baziren ere, aurten lan ederra egin dutenaren pertzepzioa zuten. Baita asmatu ere. "Babarrunak nahiko azal gogorra zuen, eta zaila izan da puntu egokia aurkitzea, baina sekretua suarekin jolastea izan da. Ezin dut gehiago esan".

Azkenik, Gure Kaiola elkarteak, Irene Caminos kirolari tolosarra zoriondu nahi izan du. Aurreko astean, Munduko Trial Txapelketan urrezko domina lortu zuen taldeka, eta gaur saski batekin omendu nahi izan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!