Arria V.a eta Zelai V.a onenak, Zizurkilgo kanporaketetan

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 18a, 16:01

Eguerdian Urrezko Aizkolari Kopako eta Gabonetako Harri-jasotze Txapelketako kanporaketak jokatu dira Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Aizkoran, Xabier Orbegozo Arria V.a izan da azkarrena, eta harriei jasoaldi gehien, berriz, Jon Gisasola Zelai V.ak eman dizkie.

Ibarran bizi den errezildar aizkolaria, Jon Irazu zizurkildarrari nagusitu zaio. Lehenak, 35 minutu eta 37 segundo behar izan ditu guztira. Etxean aritu den kirolariari, minutu erditik gorako aldea atera dio, 36 minutu eta 14 segundo behar izan baititu Irazuk. Horrela, Orbegozok, hurrengo kanporaketarako sailkatzea lortu du, 'Eusko Label Saria' bezala ere ezagutzen den txapelketan.

12 kanaerdiko ahalik eta azkarren ebaki behar izan dituzte bi aizkolariek. Denborei erreparatuz, badirudi gauzak estu eta larri izan direla gaurko saioan. Hala ere, hasieratik erraz aritu da Arria V.a eta Irazuri kosta egin zaio aurkariaren erritmoa jarraitzea. Hirugarren kanaerdikoan, ordea, 3 segundoz aurretik jartzea lortu du etxeko aizkolariak, ia lau minutu behar izan baititu Orbegozok enborra ebakitzeko. Hortik aurrera, baina, berriz erritmoa bizitzea lortu du, eta hurrengo bostak hamabi minuturen bueltan ebakitzea lortu du. Zati horretan, pixkanaka denbora galtzen joan da Irazu, eta bederatzigarren enborra ebakitzerako ia hiru minutukoa zen aldea: 23'57''/26'55''.

Jada erabakita zegoen errezildarrak lortuko zuela hurrengo faserako txartela, baina Irazuk ez du amore eman, eta azken enborretan ere erritmo eta intentsitate bera mantentzea lortu du. Horietan, jada, erritmo baxuagoan aritu da Arria V.a. Azkenean, 37 segundo atera dizkio ordu erdi pasatxoko lan gogorraren ondoren.

Bola erabakigarria

Guztia, baina, ez da aizkora eta enborra izan Zizurkilgo Intxaur frontoian. Harri-jasotzaileak ere izan dira bertan. Hain zuzen ere, Jon Gisasola Zelai V.a mallabitarra eta Josetxo Urrutia leitzarra aritu dira nor baino nor Gabonetako Harri-jasotze Txapelketako kanporaketan. Hauek, 100 kiloko hiru harri desberdinekin aritu behar izan dute, hiru minutuko txandetan.

Lehenik, zilindro zaharrarekin aritu dira, eta biek ere 30 aldiz altxatzea lortu dute. Ondoren, kubikoaren txanda izan da. Hemen, altxaldi bat gehiago ematea lortu du Gisasolak: 16-15. Gauzak oso estu zeuden azken harria jaso aurretik, eta bertan erabaki da dena. 3 minututan, 21 altxaldi eman dizkio mallabitarrak 100 kiloko bolari. Leitzarrak, berriz, bost gutxiago: 16. Beraz, guztira, 67 eta 61 altxaldi eman dituzte hurrenez hurren Zelai V.ak eta Urrutiak. Leitzarra izango da 'Kirolbet Saria' txapelketako datorren kanporaketan.

Argazkiak: Ibon Errazu Uria

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!