Udalbiltzaren barruan maila lokaleko senidetzeak sustatzeko eta garatzeko sortu zen Hurbiltzen Programa, gizarte kohesioa indartzea xede. Bada, larunbatean, Hurbiltzen jardunaldiak izan dira Uharten, eta aztergai izan dituzte Euskal Herriko eta nazioarteko senidetze ezberdinen esperientziak.
Nolakoa izan da esperientzia trukaketa hori?
Goizean Euskal Herriko senidetze batzuen esperientziak partekatu genituen. Bereziki aipatuak izan ziren Antzuola eta Aiherra, eta Iruñea eta Baiona artekoa. Nola sortu ziren eta nola garatu diren aztertu genuen.
Zertarako balio du senidetze batek?
Gure artean hobeki ezagutzea ahalbidetzen du, eta egiazki, herri egitea. Udalbiltzaren aldetik herri ikuspegi bat dugu Euskal Herriari begira, eta hori eraikitzen ari gara. Gure ustez senidetzeak horretarako tresna biziki inportanteak dira, herritik eta oinarritik eraikitzeko herria. Ohartzen gara ezagutza falta badela gure artean, eta ez da bakarrik iparralde eta hegoaldearen artean. Hegoaldeko lurraldeen artean ere ematen da. Senidetzeak pentsatzen ditugu maila eta norabide guztietan, eta ekartzen dute egiazko harremanak sortzea eta elkar ezagutzea.
Gertatu izan da aspaldi sortutako senidetzeek berriz indarra hartzea, apalaldi bat izan ostean. Tolosa eta Uztaritze adibidez.
Tolosa eta Uztaritzeren artean gertatu zen, baina leku gehiagotan ere bai. Azpeitia eta Hazparnerekin ere bai, adibidez. Hori hobeki ezagutzen dut. Asteburuan hausnartu dugu senidetzea nola antolatu eta garatu, ez bakarrik udal mailan hitz egiteko, ez bakarrik hitzarmen politikoak egiteko, herritar, elkarte eta enpresen artean harreman horiek sortzeko eta sendotzeko ere bai, horiek segurtatuko baitute edo ahal dute, harreman sendoak egitea eta aurrera segitzea. Hezkuntza, esate baterako, arlo biziki inportantea da, gazteek ere harremanak sortzeko. Hurbiltzen programak hori du asmoa, ez bakarrik senidetzeak garatzea, lurraldeko kohesioa eta elkar ezagutza handitzea baizik. Senidetzeak dira hori lortzeko tresna bat.