Tolosaldeko langabezia mapa

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 14a, 08:27

Eskualdeko biztanleria aktiboaren %9,4 dago lan gabe, iraila bitarteko datuek diotenez; 2.179 pertsona dira lan egin nahi eta lanpostua topatzen ez dutenak.

Duela 10 urtetik hona bizi izan dugun krisi ekonomikoak lanpostuak desagerrarazi ditu Tolosaldean. Azken hiruzpalau urteetan, ordea, badirudi joera bestelakoa dela eta lan kontratu geroz eta gehiago erregistratzen direla eskualdean. Enpleguaren arloko aldagaiak, hala ere, ez dira duela 10 urtekoekin alderagarriak. Iaztik aurtengo irailera, bost hamarrenetan baino ez du behera egin langabezia tasak eskualdean.

Langabezia Tolosaldean

Tolosaldean, iraila amaieran jasotako datuen arabera, 2.179 langabetu daude. Bataz beste, %9,4koa da eskualdeko langabezia tasa. Herriz herriko datuei erreparatuz gero, Alegia (%13), Ibarra (%11,4), Ikaztegieta (%12), Leaburu (%13,5) eta Lizartza (%11) dira langabezi tasa altuena duten herriak eta beste aldean kokatzen dira, berriz, Aduna (%1,6), Albiztur (%3,4) eta Orendain (%3,7). Nabarmendu behar da, eskualdeko langabeen %42a tolosarra dela, eta gainerakoa, eskualdekoa.

Tolosaldeko langabetuen gehiengoa emakumea da (%61), eta oro har, heldua. 45 urtetik gorakoak dira ia erdiak eta %78 estatuan jaiotakoak. Langabetuen %53ak denbora luzea darama langabezian eta derrigorrezko ikasketak bakarrik eginak ditu. Gainera, kualifikazio apaleko lanpostu bila dabil %62a.

Izan ere, lan eskatzaileen profilari begiratuz gero, %14 baino ez dira aurretik enplegurik gabekoak. Gainerako gehienak aurrez zerbitzuen sektorean aritu izan dira (%63), edo bestela industrian (%15). Dezente gutxiago dira eraikuntzan (%5) edo nekazaritzan (%3) aritu eta orain lan bila dabiltzanak.

Langabeziaren bilakaera

Gipuzkoako bataz besteko langabezi tasaren (%9,2) parekoa du Tolosaldeak, baina langabetu gehien dituen herrialdeko laugarren eskualdea da, Bidasoa (%11), Debabarrena (%10,5) eta Oarsoaldearen (%10,2) atzetik. Urola Kosta eskualdean dago langabetu gutxien, biztanleria aktiboaren,%7a, hain zuzen.

Krisiak arrasto sakona utzi du Gipuzkoan. Duela 10 urte, 2008an, 26.372 langabetu zeuden herrialdean eta aurtengo iraila bukaeran, 32.148. Bilakaera okerrena honako eskualdeek izan dute: Urola Erdiak (%50), Urola Garaiak (%45), Goierrik (%41) eta Debabarrenak (%36). Nahiz eta langabezi tasa handiena eduki, hamar urteotan bilakaera onena izan duen eskualdea Bidasoa izan da, 2008tik %4an bakarrik egin du gora langabeziak. %17an igo da, berriz, Debagoiena eskualdean.

Igoera metatua da hori, krisiaren urterik latzenetan Tolosaldean langabetuak oraindik ere gehiago zirelako. 2007 urte bukaeran, 1.471 ziren langabetuak eskualdean eta handik bost urteetara, 2012an, 3.207.

Ordutik behera egin du langabeziak Tolosaldean, baina oraindik ez da iritsi krisi ekonomiaren aurreko zenbakietara.

Aurrera begira

Hala ere, geroz eta langabetu gutxiago dago Tolosaldean eta pixkanakako beheranzko joera nabarmentzen ari da. Esate baterako, aurtengo iraila bukaeran, 2017ko irailean baino 168 langabetu gutxiago zeuden. Aurten, urria hasierarako, 1.478 lan kontratu erregistratu ziren, iaz urte osoan egin ziren lan kontratu berriak baino 68 gehiago eta 2012an baino %65,5 gehiago.

2018an autonomo moduan 4.516 afiliatu daude Tolosaldean eta horrek afiliatu guztien %27a suposatzen du. 566 etxeko langile moduan eta 177 lehen sektorean daude izena emanda eta gainerako 3.773 afiliazioak Langile Autonomoen Erregimen Bereziari (RETA) lotutakoak dira.

2018an egin diren 1.478 lan kontratuetatik %8 baino ez dira mugagabeak hasieratik eta %4 mugagabe bihurtuak. Beste guztiak, %87a, behin behinekoak dira. Hala ere, hobekuntza txiki bat nabari da kontratuen kalitateak, mugagabeak direnak %12 igo baitira. Egungo enpleguaren sendotasuna neurtzeko modu bat enplegua erregulatzeko espedienteena da, eta hor ere hobekuntza etorri da: aurtengoari dagokionez, oraingoz, enplegua erregulatzeko hiru espediente bakarrik aurkeztu dira Tolosaldean, eta ondorioz, 10 enplegu desagerrarazi dira urtarriletik irailera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!