Iraitz Arrospide eta 428 kirolari

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 13a, 08:00

Behobia-Donostia lasterketa herrikoiaren 54. edizioan ia eskualde osoko herritarrak izan dira; Baliarrain, Belauntza, Hernialde, Larraul eta Orendaingoak falta dira zerrendan.

Tolosaldeko 429 kirolarik amaitu zuten 54. Behobia-Donostia lasterketa herrikoia, igandean. Iaz, 467 izan ziren. Eskualdeko 23 herri egon dira ordezkaturik datu ofizialen arabera. Baliarrain, Belauntza, Hernialde, Larraul eta Orendaingo inor ez da agertzen datu horietan. Gehienek korrika egin zuten 20 kilometroko ibilbidea, baina irristaka, gurpildun aulkian edo handbike baten gainean ibili zenik ere izan zen.  


Lasterketa herrikoia izanik, emaitzak baino garrantzi gehiago dauka parte hartzeak. Hala eta guztiz ere, aipatu behar da podium-era eskualdeko hiru ordezkari iritsi zirela. Gurpildun aulkian, Mikel Goikoetxea amezketarrak bigarren bukatu zuen. Handbike modalitatean, Ion Galarraga bidania-goiaztarrak hirugarren egin zuen, eta korrika, Iraitz Arrospide billabonatarra bigarren geratu zen. Arrospide antolatzaileen datuetan Tolosako zerrendan agertzen da, 1.01.45eko denborarekin. Azkarren ibili zen emakumea Oiana Ortiz tolosarra izan zen, 1.22.24ko markarekin, 15. postuan.


Iraitz Arrospidek lortutako postua «izugarritzat» jo zuen Ataria Irratia-n egindako elkarrizketan. Pasa den urtean hirugarren egin zuen, aurten, denbora hobetuta bigarren gelditu da. Lehen postua lortzeko, «ilusio handiz» entrenatzen jarraituko dutela azaldu zuen billabonatarrak, izan ere, Behobia irabaztea da bere «ametsa», hor hasi baitzuen bere ibilbidea. Elkarrizketa osoa entzuteko aukera ataria.eus webgunean dago.

Tolosaldeko parte hartzaileen zerrenda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!