Mendizabal eta Larrarte, aurrera Master Cup-en

Ataria 2018ko azaroaren 12a

Larrarte, aurtengo San Fermin torneoko finalean

Miren Larrarte bidaniarrak maila ona eman eta bi neurketak irabazita egin du aurrera; Maider Mendizabal anoetarrak, berriz, neurketa bat irabazi du ligaxkan.

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako lehen mailako lehia abian da jada. Promozio mailako 141 partiden ostean, igandean 12 pilotari onenak bildu ziren, Elgetan.

Hiru pilotarik osatutako lau multzotan banatu ziren pilotari guztiak. Maider Mendizabal eta Miren Larrarte talde berean egokitu ziren. Anoetarrak ligaxkako lehen neurketa irabazi zuen, 18-2, Leire Garairen aurka. Ondoren bidaniarra izan zen gasteiztarraren aurka jokatu zuena. 18-7 gailendu zen Larrarte. Eskualdeko bi pilotarien arteko neurketan, berriz, bidaniarra izan zen garaile, 18-10eko emaitzarekin.

Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek egiten zuten aurrera, eta hortaz, Mendizabalek eta Larrartek jokatuko dute hurrengo fasea. Beraiekin batera, Maite Ruiz de Larramendi, Patri Espinar, Maddi Mendizabal, Leire Etxaniz, Olatz Ruiz de Larramendi, Olatz Arrizabalaga eta Eneritz Arrieta ere arituko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!