Diruz lagunduko dira 48 lanpostu, eskualdeko langabeentzat

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 9a, 13:41

Azaroaren 15ean, osteguna, Lehiberri zentroan egingo da bosgarren Enplegunea eta 75 lanpostutik gora eskainiko dira, horietatik 48 diruz lagunduta.

Tolosako Udalak, eskualdeko udal guztien izenean eta Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean, Lanbideren finantziazioarekin martxan jarritako Eskualdeko Enplegu Programaren barruan antolatu du Enplegunea, bosgarren aldiz. 75 lanpostu eskainiko dira eta horietatik 48 diruz lagunduko dira. Kontratazioak sei hilabeteko iraupena izango dute, gutxienez, eta lanaldi osokoak izango dira. Tolosaldeko enpresek izango dute lehentasuna programa honetan eta kontratuaren kostuaren %75 bitarte finantzatuko zaie. Hori bai, kontratazioak abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira.

Enplegunearen helburua, 75 langabetik gora lan merkatuan sartzea izango da, Leire Otaegi, Tolosaldea Garatzeneko enplegu sustapenerako teknikariak azaldu duenez. "Aurrez aurre jarriko dira langile berriak kontratatu nahi dituzten eskualdeko enpresak eta lan bila dabiltzan Tolosaldeko herritarrak". Egitasmoaz informatzeko hainbat saio informatibo antolatu dira aurreko asteetan eta bertan prozesuaren eta lanpostuen inguruko azalpenak eman dira. Hilaren 15eko ekitaldirako, Tolosaldea Garatzenek egin du enpresekin harremana eta langabetuen bilaketa.

"Era guztietako eskaintza izango da", esan du Otaegik. "Enpresa bakoitzak bere eskakizunak egin ditu eta bertan parte hartzeko ezinbestekoa izango da langabetua izatea. Eskualdekoa izatea ere lehenetsiko dugu". Sektore guztietako lanpostuak eskainiko dira, badira industria arlokoak edota lehen sektorekoak, profil teknikoa eskatzen dutenak eta sektore berritzaileagoetara bideratuta daudenak. "Boomerang positiboa sortzen du ekimen honek eta lanpostu asko aurrera ateratzen dira", azpimarratu du enplegu sustapenerako teknikariak.

Balorazio positiboa

Tolosaldeko udalen izenean hitz egin du Tolosako alkate Olatz Peonek. "Aurreneko hiru edizioetan 150 lanpostutik gora eskaini ziren eta %70ak, gaur egun, lan merkatuan jarraitzen du". 2016-2017ko planean jarri du arreta alkateak eta esan du eskualdeko enpresek proiektu honen bitartez 55 langile kontratatu zituela epe horretan: "Horietatik 39 lagunek lan merkatuan jarraitzen dute, diruz lagundutako kontratazio epea bukatuta ere. Gehienek, %70ak, lanpostu berdinean segitzen dute eta gainerakoek, administrazio publikoan lan egin ondoren, enpresa pribatura egin dute salto".

Langabetuen %53 iraupen luzekoa da eta programa honek zailtasun handiagoa duten langile profilak laguntzen dituela aipatu du Peonek, "adin tarteagatik, generoagatik edo formakuntzagatik lan merkatuan txertatzeko aukera izan dezaten. Horrekin batera, Enplegunearekin lehen lan aukera sustatzen da, autoenpleguari babesa ematen zaio eta prestakuntza bultzatzen da".

2018ko iraileko datuen arabera %9,4koa da eskualdeko langabezia tasa. "Etengabeko hobekuntza batean murgilduta gaude eta azken hiru urteetan bost puntu ehunekotan egin du behera langabeziak", esan du Tolosako alkateak. Enpleguaz harago, beste datu batzuetan ere, kontratuen kalitatean adibidez, nabari da hobekuntza Peonen esanetan, "kontratu mugagabeek %12an egin dute gora".

Tolosaldeko enpresa sarean ere jarri du arreta Tolosako alkateak eta nabarmen du eskualdeko enpresa sarea, lantegi txiki eta ertainez osatutakoa dela, %93a hamar langiletik beherakoa da. "Gure enpresen izaera industrialak egiten gaitu indartsu. Gipuzkoako hirugarren eskualde industrialena da gurea eta badakigu kalitate handiagoko enplegua sortzen dela bigarren sektorean. Mugimendua nabari da baita ere, hazkunde potentzial handiko sektoretan, adibidez, elektro-mugikortasunean".

Egun osoko hitzordua izango da ostegunean Apatta industrialdeko Lehiberri zentroan. Langabetuei bertaratzeko deia luzatu diete.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!