«Erreferendum bat nahi dugu, argi eta garbi»

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 9a, 11:15

'TOLOSALDEKO ATARIA' bere bosgarren urteurrena ari da ospatzen. Hilabetez hilabete, atzera begira jarri eta mugarri izan diren gaiak ekarriko ditu lehen planora. Erabakitzeko eskubidearen gaia da lehena. Hain zuzen, duela bost urte sortu zen Gure Esku Dago dinamika herritarra.

Beñat Sarasola eta Jone Amonarriz tolosarrek hasieratik ezagutzen dute Gure Esku Dago. Amonarriz, gainera, nazio mailako komunikazio arduraduna da, egun. Marijo Esnola bidaniarrak eta Mikel Olano lizartzarrak beranduago egin zuten bat dinamikarekin. Laurak eskualdeko taldearen koordinazio taldean daude.

2013an Gure Esku Dago aurkeztu zenean gehien errepikatzen zen hitza ilusioa zen.

Beñat Sarasola: Gentozen garaia ez zen erraza. Euskal Herriaren ilusio hori erabat lurperatua zegoen, eta GED ezerezetik sortu zen. 2014ko ekainaren 8ko giza kateak horregatik izan zuen arrakasta, gizarteak txute hori behar zuelako. Bost urte pasa eta gero errealitatea asko aldatu da.

Lurperatua egon arren, ilusio hori egon bazegoen, hortaz.

B.S.: Euskal gizarteak beti erakutsi du behar bat azaltzeko zein den. Agian ez du asmatu bideetan. Horrek ez du esan nahi GEDek asmatuko zuenik, baina bide berri baten sorrera izan zen, ordura arte inoiz jorratu ez zena. Eta biltzen zituena era guztietako biztanleak, oso anitza.

Jone Amonarriz: Planteamendu berritzailea izan zuen, jende askoren eskemak hautsiz, ordura arte hain gatazkatsua izan zen gai bat modu baketsu eta inklusiboan landuz.

Bilakaera bat izan dela aipatu duzue. Non nabari da aldaketa hori?

B.S.: Hasteko gizartearen konfiantzan. Gauza bat da ilusioa sortzea, eta baina ebidentea da GEDek konfiantzazko giroa sortu duela jendartean. Aktibazioan ere bai. Gaur gizartean errotuta dagoen dinamika da. Beste garapen handiena instituzio mailan gertatu da, egin dugun ahaleginarekin, instituzioetan ere erabakitzeko eskubidea txertatzen ari dira. Denen ahotan dabil gaia.

J.A.: Nik azpimarratuko nuke bizikidetza, hainbestetan errepikatzen den hitz hori. GEDek bai eraman duela hori praktikara. Eredu bat izan da. Herrietatik hasi eta nazio mailan egin diren harreman guztietaraino eraman du praktikara. Ildo mobilizatzailearen aldetik urtetik urtera gero eta jende gehiago joan da mobilizatzen. Azken giza katean 175.000 lagun baino gehiago mobilizatu ginen, gai honen inguruan inoiz mobilizatu den jende kopururik altuena. Herri galdeketak iritsi dira 203 herritara; Euskal Herriaren herena da hori, eta parte hartu dute ia 180.000 biztanlek. In crescendo doa urtetik urtera, eta geroz eta naturalagoa da gai hau. Instituzioetara ere iritsi da, eta ez da iritsi kasualitatez. Instituzioek ere beren lana egin dute.

Zer lortu da Tolosaldea mailan?

Marijo Esnaola: Herri txikietan elkartasuna lortu du. Zenbaitetan lehen banatuta zeuden talde horiek lotzeko balio izan du. Bat egin dute talde horiek bileretara deitu izan zaienean, naturaltasunez, errezelorik gabe.

B.S.: Tolosaldearen gehiengoa abertzalea da. Hala ere, abertzale izate horrek badakigu atzean ere baduela ideologia ezberdintasun bat. Eta GEDek hori hautsi egin du.

Mikel Olano: Tolosaldean galdeketa antolatzeak ere herri guztietara iristeko beharra sortu zuen. Herri batzuetan bazegoen taldea, beste batzuetan ez. Hutsuneak zeuden herri horietan taldeak sortzera bultzatu zuen galdeketak. Etorkizuneko erronkei heltzeko sare bat osatua dago.

Gehiengo abertzaleko eskualdea izanda, galdeketan %31ko parte hartzea izan zen. Nolakoa da datu hori?

J.A.: 2014ko giza katera 6.000 lagun joan ziren eskualdetik. Galdeketan 12.500ek hartu zuten parte. Datuek erakusten dute bilakaera bat.

B.S.: Izan dira galdeketa batzuk baliabide eta diru aldetik eskasak. Jendearengana iristeko larri ibili gara. Ez dira lotesleak izan. Konparazioetara jotzen dugu, hauteskundeekin alderatuz. Baina baliabide, aurrekontu, eta publizitate aldetik ez du zerikusirik. Hori guztia kontuan hartuta, Tolosaldean %31 horretara iristea izugarria izan zen. Pozik geratu ginen emaitzekin, baina are gehiago horrelako zerbait antolatzeko gai izan ginelako. Ahaldundu egin gara, eta ez hiruzpalau lagun. Hor arrasto ikaragarria gelditu da.

J.A.: Urrats bat izan zen gerora Euskal Herrian hori posible izan dadin. Ikusi dugu noizbait antzeko galdeketarik balego, gure eskualdea gai dela horrelako zerbait antolatzeko era koordinatuan, bizikidetzatik. Ekarpen handia izan da. Batasun ikaragarria lortu du, adin eta pentsamendu ezberdinetako jende eta eragileak batuz.

Zeintzuk dira orain eman beharreko urratsak?

J.A.: Barne mailako prozesu parte hartzaile bat zabaldu dugu, egitura eta helburuak birpentsatzeko, eta otsailean aurkeztuko dugu 2019ko ibilbide orria.

B.S.: Hasieran ez genekien zer nolako bilakaera izango zuen Gure Esku Dagok. Atzera begiratuta, uste dut lortutakoa ikaragarria dela, eta horrekin behar bat sentitzen duzu herriari ekarpenak egiten jarraitzeko. Orain zein ibilbide jorratuko duen plan estrategikoa garatuko dugu. Argi dagoena da urte hauek eman digutela esperientzia ikaragarria eta orain indartsuago emango ditugu urratsak.

J.A.: Otsailean bazkide kanpaina bat jarriko dugu martxan, egitura zabaldu eta demokratizatu nahi delako. Argi utzi behar da hau ez dela bide lineal bat, aldakorra baizik. Jendeak agian izan lezake GED itzalita dagoenaren sentsazioa. Baina eskualde ia osoan sare iraunkor bat dago. Batzuetan tokatzen da gure eskualdeko lanetan ibiltzea, eta gero kanpora begira. Horrek ez du esan nahi sua itzalita dagoenik. Batzuetan tokatzen da hausnarketa fase bat, beste batzuetan diseinu fase bat, eta beste batzuetan gauzatzea. Normalean herrietan ikusten dena da gauzatze fase hori. Horra iritsi arte lan asko dago. Herrietan ere jende berria sartu nahi da. Gustu handiz hartuko ditugu ideia berriak.

Zer lortu nahiko zenukete?

J.A.: Erreferendum bat. Argi eta garbi.

B.S.: Gizartean errotuta gelditzea euskaldunok gure etorkizuna erabaki dezakegula, eta beharko genukeela.

J.A.: Bost urteotan ikusi dugu urtetik urtera hurbilago helmuga hori; orain nahi dugu benetan argi eta garbi erakusten joan posible dela eta sinetsi behar dugula. Herritarron Itunarekin ere zabalduko dugu esparru bat alor sozialera, erabakitzeko eskubidea lotuz ez bakarrik estatus politikoarekin, gai sozialekin ere bai, herritarrei egunerokotasunean eragiten dien gaiekin, asko daudelako lotuta erabakitzeko eskubidearekin, eta erabakiak hemen hartzearekin.

Ze ekarpen egin du 'Ataria'-k erabakitzeko eskubidearen esparruan?

B.S.: Beti zabalik izan ditu bere ateak. Joan-etorriko harremana izan da hasieratik, bide berean goaz.

J.A.: GEDren bozgorailu izan da, eta hori beharrezkotzat izan dugu. Beste zona batzuetan galdeketekin izan dugun arazo nagusienetako bat izan da jendea ez dela enteratzen. Zallan gertatu zaigu duela gutxi. Ez zuten tokiko komunikabiderik. Daukaguna baloratu behar dugu. Guri laguntza handia eman digu, eta ekarpen handia egiten du.

B.S.: GEDek gizartearen pentsaera hautsi badu, ziur nago ATARIA-k ere baduela bere sortzetik hauskorra den zerbait, gaur egun duen indar hori izatera iristea ahalbidetu diona.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!