Pio Baroja, Atxaga eta Iturralderen ikuspegitik

Joxemi Saizar 2018ko aza. 8a, 12:30

Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde (Jimu) eta Ruper Ordorika Bilbon, Pott Bandari buruzko hitzaldi batean.

Pio Baroja idazleari buruzko bilduma ari dira kaleratzen Iruñean, eta Bernardo Atxagak eta Joxemari Iturraldek ere ekarpena egin dute; Euskal Herriaz eta euskaraz zuen iritzia jasoz.

Pio Baroja idazleari buruzko bilduma ari da kaleratzen Iruñeko Ipso argitaletxea, tartean Bernardo Atxaga asteasuarra eta Joxemari Iturralde tolosarraren ikuspegia jaso duen liburua. Euskal Herria eta euskarari buruz zuen iritzia jaso dute biek eta tolosar batzuk Barojarekin izan zuten harremana ere aipatu dute.

«Garai batean tantaka zeuden mezenas bat bezala da Joaquin Ziaurriz abokatu iruindar erretiratua. Pio Barojaren zale amorratua denez, argitaletxe txiki bat osatu eta 25 idazleri berari buruzko liburua eskatu die, tartean guri», aitortu du Joxemari Iturraldek.

Lan erdiak kalean dira jada, tartean Soledad Puertolas, Luis Antonio de Villena, Jon Juaristi edo Raul Guerra Garridok idatzitakoak, eta eskualdeko bi idazleen artean egindakoa ere bai. Bi liburu izan behar zutenak azkenean bakarra izan da, lau eskutara idatzia, Atxagak denbora arazoak zituelako.

Asteasuarrak sarrera modukoa egin du elebitan, Barojaren begirada Gautier-ena baino hobea zen izenburupean, eta tolosarrak Ordago-Hor dago izenburuko testua idatzi du gazteleraz, hiru zatitan banatuta: bere ikuspegia, euskararekiko harremana eta pertsonai batzuekiko izan zuen erlazioa, tartean hiru tolosar.

MUNDU XUMEAREN PRESENTZIA

Bernardo Atxagaren testuaren abiapuntua hitzaldi bat da, egile desberdinek bere idazlanetan Euskal Herriaz zuten ikuspegiari buruzkoa. «Idazleek barnekotasunaren edo kanpokotasunaren arabera azaltzen dute gure herria. Gautierrek adibidez, kanpotik etorri eta aurretik buruan dakarrena bakarrik ikusi zuen, euskara bazela ere ez zen jabetu, edozein turistak bezala azaldu zuen. Barojak berriz, kontatzen duena bizi izan duela islatzen du, lehen eskuko informazioa daukala. Hurbiltasun horrek, esperientzia zuzenetik abiatze horrek egileari mesede egiten dio», adierazi du asteasuarrak.

Mundu xumeari ematen dion presentzia da Atxagak azpimarratzen duen Barojaren beste ezaugarrietako bat. «Madrilgo Prado museoan erregeak, printzeak, gotzainak, kardenalak… agertzen dira. Herriko jende gutxi. Barojak berriz, inon azaltzen ez den jendea, baztertuena, bere hizkuntza zuelako edo behartsua zelako agertzen du, baloratu egiten du. Artearen eta literaturaren konkista bat da jende arrunta ateratzea. Dena tonu apalean maite zuen Barojak. Ez ditu mendi edo erreka handiak aipatzen, muino eta errekak baizik. Horrek hurbiltasuna ematen dio eta modernoa bihurtzen du idazle hori. Gehiago zahartu dira erregeei eta printzeei sonetoak egiten zizkiotenak», seinalatu du.

Francoren diktadura garai zakarretan Baroja bakarti ibili zela dio Atxagak: «Agian bakartiegi gauza onerako. Eta hori ordaindu egin zuen, makurtzera behartu zuelako, beste asko bezala. Bakardadeak ahuldu egin zuen. Mesede egingo lioke lagunarte zabalagoa izateak. Beste idazle batzuk babestuago egon ziren. Martin Ugalde adibidez, hemengo bat aipatzeagatik, ideologia jakinekoa eta alderdi batekoa izanik, modu duinagoan pasatu zuen diktadura, nahiz eta deserrira joan behar izan». Hala ere, Barojaren jarrera maite du Atxagak, bere independentzia, apalari zion sinpatia horregatik, inon azaltzen ez zen euskal mundua bistara atera zuelako.

GERTUKOA

Joxemari Iturraldek barojazale amorratutzat du bere burua: 15 urterekin hasi zen irakurtzen, karreran asko sakondu zuen, soldaduskako garai ilunetan egunero Baroja irakurtzeak lagundu egin zion… Euskal Herriko aipamenak egiten zituen idazle bakarra zela dio, horregatik gertukoa eta garrantzitsua egiten zitzaiela. Baroja kontraste handiko pertsona izan zela uste du Iturraldek, Unamuno bezala. Biek liburu asko idatzi zituztenez, kontraesan handiak aurkitu omen daitezke bien lanetan hainbat gaitan: Euskal Herria, euskara, politika, emakumea... Pertsona poliedriko bezala definitzen du idazle donostiarra.

Politika alorrean, Alejandro Lerroux errepublikarraren gero eskuin aldera jo zuen aldeko izan omen zen Baroja, mitin batzuk eman zituen, baina ez zen hautatua atera. Gero aldatu egin zuen. «Frankismoan kanpora alde egin behar izan zuen, garbitu egin behar zutelako. Baina gero Real Academia de la Lenguako kide izendatu zuten eta frankista guztiekin aritu zen Salamancan», dio tolosarrak.

Barojak ez zuen euskara menderatzen, baina ulertzen zuen eta gertukoa zuen. «Zestoan sendagile egon zenean baserritarrekin euskaraz moldatzen zen. Gero Madrilera joan zenean asko galdu zuen zahartzaroan. Baina bere liburu gehienetan sartzen du euskarazko aipamenen bat: kanta bat, esaera zaharra, erromantzea…», aipatu du Iturraldek. Euskararekiko miresmena islatzen duela uste du, gauza goxo, kuttun eta intimoetarako erabiltzen zuelako. Gaztetan tren bidai batean maitemindu zen neska bati euskarazko kanta bat abestu zion, adibidez.

Unamunok, aldiz, garai batean asko maite zuen euskara, Gernikako arbolari poema bat eginez euskaraz, baina gero erabat kontra jarri omen zen, «Euskaltzaindian sartzeko plaza lortu gabe geratu eta gero», bere iritziz. Barojak euskararekiko gorabehera gutxiago izan zuela dio. «El Pais Vasco liburu zoragarrian zazpi probintziak aipatzen ditu. Frankismo garaian. Gero sozialistek 80. hamarkadan hori zentsuratu eta hiru probintzia bakarrik utzi zituzten», dio.

TOLOSAR EZAGUNAK

Hirugarren atalean, Barojarekin harreman zuzena izan zuten eta berak ezagutu zituen pertsonai batzuen aipamenak bildu ditu Iturraldek. Tartean Luis Olarra, Javier Bello Portu eta Juan Garmendia Larrañaga tolosarrak daude. Olarrak 98ko Belaunaldiko idazle askorekin izan zuen harremana Madrilen (Unamuno, Machado, Valle Inclan, Azorin), tartean Barojarekin. «Bera izan zen idazlea hil zenean gaubeilan egon zen bakarra. Horrek adierazten du harreman estua zutela», azaldu du. Bello Portuk Amarotzeko Iturpe bere etxeko lurra eraman zuen Madrilera Baroja lurperatu zutenean. Garmendiak harreman handia zuen Julio Caro Barojarekin, Pioren iloba, eta Berako Itzea etxera joaten zenean osabarekin ere izaten zen.

Tolosarekin harreman handia izan zuen Luis Martin Santos idazlearen aipamena ere egiten da liburuan. Lagun tolosarrak zituen eta bere obran Tolosa azaltzen da. Horietaz gain Isidoro Fagoaga tenorea, Jorge Oteiza eskulturagilea eta Academia Erranteko hainbat kideren esanak ere jaso ditu lan honetan.

Joxemari Iturraldek Barojaren garrantzia aipatu nahi du bukatzeko. «Guretzat erreferentea izan zen eta gaur egun 98ko Belaunalditik bizirik dagoen bakarra da, bere liburuak irakurtzen direlako oraindik, eta beste inorenak ez», dio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!