Aldaketa izango da Tolosaldeko Arraun Klubeko traineruaren gidaritzan. Jose Luis Perez Kotelik ez du jarraituko entrenatzaile lanetan, eta zuzendaritzak dagoeneko lotu du bere ordezkoa: Patxi Frances.
Arraun munduan esperientzia handikoa da Frances, 35 urte baitaramatza arraunlari nahiz entrenatzaile modura. 24 urterekin hasi zen arraunean, kasualitatez, eta Fortuna, Donostia, Hondarribia, Zumaia eta Orioko tostetan eseri zen, 1998an erretiroa hartu zuen arte.
Beste hamar urtez Orioko bigarren taldeko entrenatzaile lanetan aritu zen. Mirotzekin 19 egin zituen. 2008an Zierbenak entrenatzaile gisa fitxatu zuen, hiru urterako kontratua sinatuz.
Hartan KAE2 mailan zegoen talde bizkaitarra, eta hazkunde nabarmena izan zuen Francesen gidaritzapean. 2011n, esaterako, TKE mailara igotzea lortu zuen. Esperientzia laburra izan zen, hurrengo urtean maila galdu baitzuen. Hala ere, 2013an berriro lehen mailara igotzea lortu zuen Zierbenak, zazpi bandera lortu eta play-offean aurkaririk izan ez ostean. Hala ere, etxeko arraunlari batzuekin izandako tirabira batzuk medio, zuzendaritzak kargutik bota zuen Frances, egun batetik bestera.
Urte horren amaieran, Zumaiak fitxatu zuen, eta Telmo Deun ontziaren gidari lanetan ibili da azken lau urteotan. 2014. urtean, lau bandera irabazi zituzten KAE1 ligan eta igoera play-offa jokatu zuten. 2015ean lortu zuten San Migel ligara igotzea, bost garaipen eskuratu ondoren. Urtebete iraun zuen maila horretan talde gipuzkoarrak, eta joan den urtean laugarren amaitu zuen KAE1 liga.
Denboraldia amaitu berritan, ziklo amaiera iragarri zuen prestatzaile donostiarrak eta ordutik talderik gabe zegoen. TAKen eskaintza onartu du orain, eta emakumezkoen traineruekin izango duen lehen esperientzia izango da honakoa.
Trainerua sendotzea helburu
Tolosaldearen izenean traineru propioa uretaratzea lortu eta urtebetera iritsi da entrenatzaile aldaketa. Proiektua egonkortu eta sendotzeko bidean kokatu du klubak aldaketa.
«Aroak izaten dira beti, baita klubean ere. TAK sortu genuen; oinak lurrean jarri eta eskualdean errotu genuen ondoren; itsasoratzeko egarriz geunden, eta lehango sortu baina oso eferbeszentea izan zen proiektu bati eutsi genion berriro, eskualdeko trainerua uretaratzeari. Mugarri garrantzitsua izan zen klubarentzat, eta eskualdeak beso zabalik hartu gintuen. Baina epe luzeko segida bat izan dezan urratsak eman behar dira, eta hortik dator aldaketa», zehaztu dute klubeko zuzendaritzatik.
Koteliren ordezkoa bilatzeko denbora hartu dute, «presarik gabe» ibili dira, traineruaren proiektuari eman beharreko norabidea ongi finkatzen zuten bitartean: «Gure filosofia landu dugu, zer eta zertarako nahi genuen ondo zehaztuz. Hobe izaten da denbora hartzea horretarako, eta ez presaka ibiltzea».
Aurrera begirako urrats horretan klubari «esperientzia» emango dion entrenatzaile gisa definitu dute Frances: «Traineru munduaz asko dakien pertsona da Patxi, esperientziaduna. Hobekuntza nabarmena eman die aritu den taldeei, Zierbena edo Zumaiari, esaterako. Lehiakor izateko gaitasuna eman die. Guk nahiko genuke Tolosaldeko traineruari ere hori ematea: arraunketa fintzea eta lehiakorrago izatea. Horretan lagungarri izango zaigu, ziur. Hitz on asko jaso ditugu beraren inguruan eta beso zabalik hartuko dugu».