«Kobazuloetan, ustez, alua garrantzitsua eta magikoa zen»

Iñigo Terradillos-Iker Larrañaga 2018ko aza. 3a, 12:29

Tolosako Intujai Teatro taldeak Poltsiko Antzerki Sorkuntza saria jaso du. Otsailera bitarte garatuko dute 'Ama-Alu-Lur' izeneko antzezlana, Donostiako Poltsiko Antzerki jaialdian aurkeztu ahal izateko. May Gorostiaga Intujai teatroko kideak esan duenez, lana ekoizpen fasean dago.

Intujai Teatroko kideak ez dira oso lehiaketa zaleak, baina antzezlanak zabaltzeko aukera ematen dute, eta horixe da Poltsiko Antzerki Sorkuntza saria eskuratuta lortu dutena; «Ama-Alu-Lur mugitzeko aukera emango digu». Beatriz Larrañagak eta May Gorostiagak garatu dute ideia eta Imanol Arabaolazaren eta Ekaitz Goikoetxearen laguntza ere izan dute. Azkenak bertsoak sortu ditu eta Itziar Saenz de Ojerrek ere hartuko du parte. «Taldea handitzen ari da saria irabazi ostean, hala ere», esan du Intujai taldeko May Gorostiagak.

Nola jasotzen da horrelako sari bat?

Alde batetik, oso pozik eta, bestetik, presio pixka batekin.

Sari honetara antzezlanaren lehendabiziko eszena aurkeztu behar zen.

Hori da, ezin da osorik aurkeztu, sormena bultzatu eta ekoizpenean laguntzeko egiten baita. Hala ere, nahiz eta saria ez jaso lanarekin jarraituko genuela erabaki genuen, proiektua izugarri maite dugulako.

Antzezlanaren abiapuntua komunikabideetan agertutako albiste bat da, ezta?

Metro eta erdiko alu bat agertu zen Aitzbitarte IV. kobazuloan. Albistearekin liluratuta gelditu ginen, baina lanpetuta geundenez, hor gelditu zen proiektua. Gerora konturatu ginen amalur hitzak alu duela eta pentsatu genuen agian denok gatozela ama lurraren umetoki beretik. Egin genuen lehen gauza gaia aztertzea izan zen eta Amarozko Sakon espeleologia taldearekin jarri ginen harremanetan. Diego Garate ezagutu genuen, historiaurreko historialaria eta espeleologo-arkeologoa, eta berak lagundu digu kobazuloa aztertzen. Jakin-mina piztu zitzaigun eta orain badaukagu materiala antzezlan polit eta umoretsu bat egiteko.

Zergatik errepikatzen dira aluak kobazuloetan?

Guk ere ez dakigu. Gainera sakonenean marrazten zituzten. Zer gertatu zaigu gizarte heteropatriarkal eta matxista honetan, aluak pintatzetik zakilak pintatzera pasatzeko?, hori da egiten dugun galdera. Kobazuloetan, ustez, alua garrantzitsua eta magikoa zen.

Aurkakoa egin dugu guk.

Agian atzera goaz beste zentzuetan. Aluak margotzearen zergatia oso ezberdina zen, seguru. Egun, segun eta norekin hitz egiten ari garen ez gara hitz hori esatera ausartzen ere.

Zeintzuk izango dira antzezlanaren protagonistak?

Bi espeleologo. Kobazulora sartu eta marrazki hori topatzen dute. Hortik aurrera, bidaia bat hasiko dute, gizakiok ditugun barne gatazken aurkako bidaia, nolabait esateko.

Nola uztartuko dituzue bertsoak?

Gertakizunaren arabera bertsoek hasiera edota amaiera emango dute eta batzuetan osagarri izango dira. Itziarrek (Saenz de Ojer) ere kantatuko ditu. Sormena libre uzten dugu eta bertsoek istorioa aberasten lagunduko dute.

Lehendabiziko aldia al da parte hartzen duzuela?

Bai, ez gara oso lehiaketa zaleak, lehia oso subjektiboa baita antzerkian. Hala ere, jarraitzen ditugu, irabazleen berri jakiteko.

Antzezlana zabaltzeko aukera emango dizue sariak...

Espero dugu. Azken finean, irabazleei buruz hitz egiten dute eta beste leku askotan poltsiko antzerki sorkuntzak bilatzen ari direnez, eta guk irabazi dugula ikusita, ziur aski ateak zabalik izango ditugula, efektu hori lortzen baita. Gure asmoa mugitzea da, prest gaude edonora joateko.

Antzezlana osatzea falta da, hala ere.

Ekoiztea, zehazki. Horrelakoetan lana ez da beti hasieran pentsatu bezala bukatzen, gure kobazuloan sartuko gara eta pixkanaka forma ematen joango gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!