Xistera Zirkuitua Tolosara iritsiko da igandean

Asier Imaz 2018ko aza. 2a, 09:14

Beotibar pilotalekuan zesta punta partidak ikusteko aukera egongo da, 10:30etik hasita eguerdira arte.

Nesken Xistera Zirkuitoak bere bidea egiten jarraitzen du, eta hurrengo geldialdia Tolosan izango du. Igandean, 10:30ean, Beotibarren zesta punta partidak jokatuko dira. Hasteko, bi kiniela jokatuko dituzte eta jarraian etorriko dira bi norgehiagokak. Lehen partidan, Maialen Aldazabal eta Naroa Merino ariko dira, Loreline Cariteauren eta Naia Calvoren aurka. Bigarrengoan, berriz, Ziortza Landak eta Eneritz Lizardik, Maddi Jauregiren eta Izaro Arberen aurka neurtuko dituzte indarrak.

Txapelketa honetan parekotasuna da nagusi, eta puntuetan gauzak oso orekatuta daude. Igandean Beotibarren jokatuko diren bi partidek emozio faltarik ez dute izango.

Tolosako jaialdian gaur egun zestan ari diren neskarik gehientsuenak ikusi ahal izango dira, eta Euskal Herriko klub ezberdinak ordezkatuta egongo dira Beotibarren ikusi ahal izango diren neurketetan.

Etxeko pilotariak

Izaro Cuerdok 13 urte ditu eta tolosarra da. Aroa Goenagak adin bera dauka, eta bera ere tolosarra da. Maddi Jauregi belauntzarra da, eta 11 urte ditu. Hirurak Beotibar Zesta Punta Elkarteko pilotariak dira, eta igandean Beotibarren izango dira txuriz jantzita. Joseba Zuloaga da euren entrenatzailea. Astean bitan elkartzen dira Tolosako Beotibarren eta Uzturpe frontoian. Zuloagarentzat Xistera bezalako ekimenak oso garrantzitsuak dira: «Euskal Herri osoko elkarte guztien artean sortu zen zirkuitu hau, elkarteko pilotariek zesta puntan jokatu ahal izateko. Gero eta neska gehiago dabiltza, eta hori oso aberasgarria da zesta puntarentzat». Igandean, Beotibarren, etxean ikasia erakusteko aukera izango dute etxekoen aurrean eskualdeko pilotariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!