Beñat Elzo mendi lasterketa irabazi du Nerea Amilibiak

Ataria 2018ko azaroaren 2a

Argazkiak: Bidasoako Hitza

Aitor Regillaga tolosarra txapeldunorde izan da gizonezkoen mailan, eta Hassan Ait Chaou laugarren izan da, podiumean izatetik oso gertu.

Gogorra izan da V. Beñat Elzo mendi lasterketa. Euri jasa artean egin dituzte mendiko lasterketaren ia 11 kilometroak helmugara iritsi diren 226 partaideek.

Herritar bat, Iker Oliveri izan da guztietan azkarrena (40:45). Aitor Regillaga tolosarra sailkatu da bigarren postuan, 36 segundora), eta hirugarren postua erabakitzeko esprint ikusgarria izan da. Azken txanpa horretan aurrea hartu dio Joxe Amunarrizek, Hassan Ait Chaou billabonatarrari. Biak denbora berean sartu dira, baina hondarribiarra zertxobait aurretik.

Emakumeen artean azkarrena Nerea Amilibia zizurkildarra izan da. 52 minutu behar izan ditu helmugara iristeko. Bigarren Irati Larrañaga izan da, 44 segundora, eta Maialen Perez donostiarrarentzat izan da hirugarren postua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!