Euskal Herriko Bote Luzeko finala amaitzeko garaia iritsi da

Ataria 2018ko urr. 31a, 13:10

VII. Ogi Berri Migel Soroaren Oroimenezko Txapelketaren hirugarren jardunaldia igandean jokatuko da Tolosako Beotibarren, 16:30ean.

Euskal Herriko III. Bote Luzeko Txapelketaren finalari ostegunean berrekingo diote, Oiartzungo Beharko Plazan. Bizkaia eta Gipuzkoa 1 hasi ziren finala jokatzen urriaren 6an, baina eguraldiagatik, moztu egin behar izan zuten. Finalaren jarraipena 11:00etatik aurrera izango da. Gipuzkoarren artean Larraulen bizi den Iñaki Esnal dago. Aurreko bi finaletan galtzaile suertatu ondoren, ostegunean, bere lehen txapela jantzi nahi du Esnalek.

Urriaren 6an 20 minutu jokatu ziren, eta horiek kontuan hartuko dira bihar. Gipuzkoa 1-0 aurreratu zen orduan, eta sakea bere alde izango dute ostegunean.

Bote luzeko partida batean 10 pilotari aritzen dira lehian, bost bosten aurka. Euskal Herriko txapelketan bederatzi jokotara izan dira neurketak. Ordu eta laurdeneko denboran lehia amaitu ez baldin bada, markagailua bere horretan geratzen da eta joko gehien irabazi dituenak eramaten du partida. Horrela,
9-1eko emaitzak edo 6-3koak lortu dituzte Gipuzkoa 1eko pilotariek txapelketa honetan. Finala, ordea, 13 jokora jarri dute. Lehen jokoa oso borrokatua izan zela ikusita, 20 minutu iraun zuen,  ordu eta laurdeneko denborak erabaki dezake txapelduna nor izango den. Partida ondoren sari banaketa ekitaldia egingo dute.

Soroaren omenezkoa
VII. Ogi Berri Migel Soroaren Oroimenezko Txapelketaren hirugarren jardunaldia igandean jokatuko da, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 16:30etik aurera. Hiru partidaz osaturiko jaialdia izango da, eta Albizturko Eneko Labaka ikusteko aukera egongo da. Bigarren jardunaldia aurreko igandean jokatu zen, eta pilota zaletuen erantzuna bikaina izan zen. 200 ikusle elkartu ziren Beotibarren.


Jubeniletan, Larrañaga-Uranga nagusitu ziren 22-17 Ariztegi-Ugartemendiaren aurka. Irabazleek bikote sendoagoa osatu zuten, nahiz eta Ariztegi nafarrak partida bikaina jokatu. Ugartemendia kadetea da, eta material horretara erabat ohitu gabe dagoela erakutsi zuen.


Bigarren partida Etorkizun Mailakoa izan zen. Agirreamalloa eta Ibarloza 22-18 nagusitu zitzaizkien Aristi-Irazustabarrenari. Aurreko partidan bezala, galtzaileen atzelariak ez zuen bere egunik onena izan. Aristiri arriskatzea tokatu zitzaion eta bikain ibili zen, baina Agirreamalloa eta Ibarlozak bikote oso sendoa osatzen dutela erakutsi zuten.


Jaialdiko azken partidan Elite Mailako pilotariak izan ziren. Ioritz Egiguren tolosarrak Sarasarekin osatzen du bikotea eta 22-18 nagusitu ziren Zubiria-Urruzolaren aurka. Galtzaileak hasi ziren partida dominatzen, baina bigarren zatian gauzak aldatu eta Egiguren-Sarasak 22ra iristea lortu zuten. Aurrelarien partida oso polita izan zen, batez ere, Ioritz Egigurenena.


Pebeten datak
VII. Antton Pebeten Oroimenezko Pilota Txapelketak datak zehazturik dauzka. Behar Zanakoak afizionatu mailako pilotari onenak ekartzen saiatzen dira Villabonara. Txapelketa abenduaren 5ean hasiko da, final-zortzirenetako bi kanporaketa aurrekoarekin. Ondoren, final-laurdeneko lau partida jokatuko dira abenduaren 14 eta 15ean. Finalerdiak abenduaren 23an jokatuko dira eta finalak abenduaren 29an. Jaialdi horretan emakumeen arteko eskuz binakako partida bat ikusteko aukera egongo da, baita joko garbiko pilotari onenen arteko lehia ikusgarria ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!