Bizilagunak egitasmoan parte hartzeko gonbita egin dute beste behin

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 31a, 12:30

Karen Herrera bere semearekin, Beatriz Eguzkitza eta Amaia Iturri Urkia, Bizilagunak egitasmoaren aurkezpenean.

Bertako jatorria duten pertsonak eta atzerritik etorritakoak mahaiaren inguruan elkartzen dira. Azaroaren 11n egingo dira bazkariak.

Aurten zazpigarren aldiz egingo da Bizilagunak egitasmoa. SOS Arrazakeriak bultzatuta, eta Zas! zurrumurruen aurkako sarearen babesarekin, atzerritik etortzen den pertsona edo familia edo talde ezberdinak bertako jatorria duen jendearekin bazkari batean elkartzen dira. «Estereotipoak eta rolak deseraikitzea, gertutasunetik elkartasuna eta aniztasuna bultzatzea, eta beste kultura batzuetako jendearekin egotearen aberastasuna maila pertsonalean bizitzea» da egitasmoaren helburua, antolakuntzan parte hartzen ari den Amaia Iturri Urkia Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun saileko teknikariak azaldu duenez.

Azaroaren 11n egingo dira bazkariak, eta hiru modu daude parte hartzeko: norbait etxean jasotzea, norbaiten etxera joatea eta dinamizatzaile moduan. Azken honek zenbait lan izaten ditu bazkariaren aurretik, adibidez, parte hartzaileen elikadura ohituren berri izatea, bazkaria prestatuko duenari jakinarazteko.

Egitasmoan parte hartzeko aukera zabalik dago nahi duten guztiek parte hartzeko. Dagoeneko hamar familiak eman dute izena. Dinamizatzaile talde bat osatuta dago Inmakulada Ikastetxetik, baina aukera ere badago izena emateko norbaitek modu horretan parte hartu nahi badu.

Tolosaldean izan dira urteak hamabost bazkari egin izan direla, eta iaz sei bazkari egin ziren. «Behintzat iazkoa mantendu nahi dugu eta ahal bada kopurua igo. Espero dugu azken txanpan parte hartzaile gehiago animatzea», esan du Iturri Urkiak.

Izena eman daiteke www.mugak.eu webgunean, Bizilagunak atalean sartu eta ondoren Tolosaldea eskualdea aukeratuta. Ondoren, bertan agertzen diren galderei erantzuten joan behar da. Beste aukera da Migrazio sailaren bidez egitea, migrazioa@tolosaldea.eus helbidera idatziz edo 646 057 080 telefono zenbakira deituz. «Lehenbailehen izena ematea komeni da, gero dena egoki antolatzeko», esan du Iturri Urkiak, eta interesa duenak aste honetan egitea eskatu du.

«Oso aberasgarria»

Beatriz Eguzkitza adunarrak dagoeneko hiru aldiz parte hartu du, eta hiruetan etxean izan ditu gonbidatuak. «Komunikabideen bitartez jakin nuen Bizilagunak egitasmoaren bazkariak egiten zirela, eta oso gauza interesgarria iruditu zitzaidan, eta animatu nintzen parte hartzera», esan du Eguzkitzak. «Nire kasuan familia txikia gara, alabekin bizi naiz, eta nire ahizpa eta bere familiakoak etortzen dira ere etxera, eta guztiak elkarrekin ospatzen dugu».

Marokoko bi pertsona izan zituen lehenengo urtean, eta «oso esperientzia polita» zela ikusi ondoren, errepikatzea erabaki zuten. Bigarren urtean Nepaleko familia bat izan zuten gonbidatu, eta iaz Georgiako bikote bat. «Hiru bazkariak oso atseginak izan dira, oso aberasgarriak», esan du Eguzkitzak. «Nik ikusten dudana da gure herrietan kanpotik etorritako gero eta jende gehiago dagoela, baina batzuetan ez dela erraza harremanetan sartzea pertsona horiekin, askotan errealitate paraleloan  gaudelako: bakoitzak bere bizitza bizitzen du, bere ohiturak ditu, eta ez gara ateratzen horietatik».

Eguzkitzak dioenez, Bizilagunak egitasmoa berarentzat «oso aukera ona da kanpotik etorritako jendea ezagutzeko. Etxera etortzen direnean modu batera ikusten dituzu eta joaten direnean beste modu batera. Aukera izaten duzu bere ohitura eta kultura ezagutzeko, bere historia pertsonala, batzuetan gogorra izaten dena». Eguzkitzak gaineratu duenez, «ikusten duzu zer meritu duten eta komunean gauza asko ditugla: pentsatzen dugu oso ezberdinak garela eta ez da horrela, oso antzekoak gara denok, antzeko arazoak ditugu denok».

Eguzkitzak dio «merezi duela» esperientzia hori bizitzea, eta «onena» dela harremanarekin jarraitzea. «Herri berean bazaude, aukera gehiago daude horretarako. Gure kasuan, tarteka berriro ere elkartu izan gara».

Karen Herrera jatorriz hondurastarra da eta Tolosan bizi da, eta lehendabizi gonbidatu bezala parte hartu zuen egitasmoan, Berrobira joanez. «Nirekin lagun batzuk eraman nituen, eta oso esperientzia polita izan zen», esan du Herrerak. «Niri gustatzen zait pertsonekin harremanetan egotea, eta oraindik mantentzen dugu Berrobiko familia horrekin kontaktua».

Beste urte batean bere etxean hartu zituen Tolosako bi neska. «Oso gustura egon ginen. Nire senarra portugaldarra da, eta beraz bazkaria Hondurasko eta Portugaleko jakiekin egin genuen». Beste lagun batzuei ere parte hartu dezaten animatzen die Herrerak. Aurten berak gonbidatu bezala parte hartuko duela azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!