Errigoraren saskiak eskuratzeko aukera, eskualdeko lau herritan

Ataria 2018ko urr. 30a, 12:53

5 urte euskarari puzka leloa aukeratu dute bosgarren urteurrenerako. Azaroaren 14ra arte Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako saskiak eskatzeko aukera izango da, eta diruaren %25 bertako euskalgintzari bideratuko zaio.

Bost urte dira Errigorak Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina lehenengoz martxan jarri zuenetik. Euskarak eta elikadura-burujabetzak bultzatuta, bat egin zuten Nafarroa hegoaldeko eta Euskal Herriko hainbat eragilek, auzolanean aritzeko.

Harrezkero Nafarroa hegoaldeko baratzeetako uztarekin saskiak osatu eta jasotako diruaren %25 euskara hauspotzeko erabili izan dute. 2013an, esaterako, 8.000 saski baino gehiago banatu zituzten eta azken bi urteetan 14.000 banatzera iritsi dira. Guztira 800.000 euro bideratu dira bost urteotan, Sortzen elkartearen bidez, Nafarroako zigortutako zonaldeetan euskara, ikastolak eta AEK indartzera, eta sare publikoan D ereduko taldeen sorrera sustatzera.

Baina Errigoratik nabarmendu dutenez, Nafarroa hegoaldean euskarak dituen erronkak «oso handiak» dira, eta egoera horri buelta emateko, aurtengo kanpainan parte hartzea eskatu dute.

Saskiak, eskualdeko lau herritan eskuragai

23 ekoizlek osatutako bi saski izango dira aukeran: beltza –Errigoraren saski klasikoa– edo zuria –produktu bereziagoak jasotzen dituena–. Saski bakoitza 50 euroren truke eskuratu daiteke.

Eskualdean lau herritan eskuratu ahal izango dira saski hauek. Anoetan, Ikastolan; Ibarran, Uzturpe Ikastolan eta Goxobi goxoki dendan; Tolosan, Galtzaundi Euskara Elkartearen bulegoan, Inmakulada Ikastolan, Laskorain Ikastolan, Lizardi Elkartean, Orixe Institutuan eta Aitzol Udal Euskaltegian; eta Amasa-Villabonako Gaztetxean eta Zubimusu Ikastolan. Galtzaundi, Laskorain eta Villabonako Gaztetxearen kasuetan, gainera, online erreserbatzeko aukera ere bada.

SASKI BELTZA

  • Zainzuri zuriak (Iturri, El Agricultor edo Larrinaga)
  • Orburu-bihotzak (Ebron edo Maria Jesus)
  • Pikillo piper osoak (El Escolar edo El Agricultor)
  • Ardo beltz ekologikoa (Azpea, Lezaun edo Mendiko)
  • Ozpin ekologikoa (Mendiko edo Lezaun)
  • Melokotoia almibarrean (Almanaque)
  • Oliba-olio birjina estra (Bardea, Castillo de Ablitas, Ekolo, La casa del aceite edo Biosasun)
  • Mahats-zuku ekologikoa (Ekolo)
  • Potxak (Maria Jesus)
  • Tomate frijitua (Pedro Luis)
  • Almendrak (Ablitasgo kooperatiba)
  • Borraja ekologikoa (La Churta)
  • Piper txorizero mamia (Gobeiaberri)

SASKI ZURIA

  • Zainzuri zuriak (Iturri, El Agricultor edo Larrinaga)
  • Orburu-bihotzak (Ebron edo Maria Jesus)
  • Pikillo piper osoak (El Escolar edo El Agricultor)
  • Ardo beltz ekologikoa (Azpea, Lezaun edo Mendiko)
  • Ozpin ekologikoa (Mendiko edo Lezaun)
  • Zainzuri krema (Iturri)
  • Pasta ekologikoa (Martinelli)
  • Arroza (El Alcaraván)
  • Teilak (Monasterio de Cascante)
  • Ardo- eta kanela-pastak (Urrutia)
  • Txokolatezko cookieak (El Molinero)
  • Piperrada (Almanaque)
  • Pikillo saltsa (Maria Jesus)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!