Iritsi da lehen zuritua

Ataria 2018ko urr. 29a, 09:20

Bidania-Goiatz, Berastegi edota Urkizu auzoa zuri esnatu dira gaur.

Iragarpenek esandakoa baieztatu da. Iritsi dira lehen elur malutak eskualdera. Bidania-Goiatz, esaterako, erabat zuri esnatu da gaur, eta Urraki itxita izan da goizeko lehen orduetan. Makinak lanean aritu dira, errepidea garbitzeko. Zertxobait gutxixeago, baina Berastegi eta Tolosako Urkizu auzoa ere zuritu ditu sasoiko lehen elurteak.

Bidania-Goiatzen nahiz Berastegin, -0,4ºCko bataz besteko tenperaturak izan ziren, atzo, Euskalmeten arabera. Tenperatura baxuena 19:00etan erregistratu zen, -1,1ºC.

Arratsaldetik aurrera hobera joko du eguraldiak, baina Segurtasun sailak abisu horia ezarria du gaurko 18:00ak artean. Euskalmeten esanetan goizean zerua estalita egongo da eta euria barra-barra egingo du. Elur-kota, berriz, 700-800 metrora dago, baina litekeena da beherago jaistea. Ipar-haizeak gogor joko du orduan eta baliteke ekaitzak jotzea, txingorrarekin batera. Arratsaldetik aurrera haizeak ahultzera egingo du eta mendebaldera aldatuz joango da; elur-kota igoko da eta gauean atertzera egingo du. Tenperaturan ez da aldaketarik emango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!