Zaletu, gazteen autonomia lantzeko proiektua, martxan

Mikel Iraola 2018ko urriaren 25a

16 eta 18 urte arteko gazteen autonomia lantzeko proiektu pilotua da Zaletu. Tolosa, Ibarra eta Amezketan jarriko dute martxan, eta larunbat honetan abiatuko dute Tolosan egingo den festa batekin.

Hezkuntza ez-formalean oinarrituz, 16 eta 18 urte arteko gazteen motibazioak aztertu, gaztelekuetako hezitzaileekin harremanak sortu eta elkarlanean ikuspegi berritzaileko egitasmo ezberdinak garatzea du helburu Zaletuk.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua da, Gaztematikaren barruan diren gaztelekuen laguntzaz, eta bost herrik hartuko dute parte lehen fasean. Horietako hiru Tolosaldekoak dira: Amezketa, Ibarra eta Tolosa. Donostia eta Eibar dira beste biak.

Ikastetxeetan aurkeztu duten arren, larunbatean egingo dute aurkezpen festa, Tolosako kultur etxeko areto nagusian, 19:00etatik 21:00etara. Zaletu fest! deitu diote jaiari, eta proiektuaren lerro nagusiak azaltzeaz gain, DJak izango dira, baita pintxoak dastatzeko aukera ere.

Gerora, saio gehiago egingo dituzte ikasturte osoan zehar, helburu zehatzagoei begira. Azaroaren 9 eta 10ean, esaterako, serigrafia tailerra egingo dute Box-an, gazteen arteko elkar ezagutza bultzatzeko asmoz. Taldearen logoa sortu eta telazko poltsetan irudikatuko dute. Azaroaren 24an, berriz, esperimentatzeko aukera emango diete gazteei, Zo-zongo perkusio taldearekin.

Herri guztien elkarlanaren fruitu dira Tolosan egingo direnen hitzordu horiek. Aldi berean, Amezketak eta Ibarrak beraien proiektuak garatzeko aukera izango dute, beren errealitateak kontuan hartuz.

Amezketan 12-18 urte bitartekoei zuzenduta dago Gaztelekuaren zerbitzua. «Adin ezberdinetako gazteen artean harremanak izaten ohituak daude, eta hori da Amezketaren berezitasuna, elkarren artean ezagunak direla. Orain 16-18 urte artekoen errealitatea ezagutu nahi dugu, beraien iritziak bilduz eta beraiekin batera gauzak sortuz», azaldu du bertan gazteria teknikari eta hezitzaile lanetan dabilen Izaskun Urrestarazuk.

Ibarrako Gaztezuloren zerbitzua zabalagoa da, Julen Urrestarazu koordinatzailearen esanetan: «6-18 urte arteko haurrak daude leku berean, eta malgutasun horren barruan adin tarte bakoitzean zentratzen gara bakoitzaren ibilbideak finkatzeko. Proiektu honek emango digu aukera iristen ez garen gazte horiengana iristeko, beren motibazioetatik abiatuz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!