Begirada aktiboa zahartzaroari

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 25a, 08:00
Proiektuan zehar egindako saaioetako bat, Bidania-Goiazko udaletxean.

Gizartean adinekoen parte hartzea bultzatzeko proiektua garatu dute Saiaz Mankomunitatean.

Herri txiki, beso ugari proiektua landu dute Saiaz Mankomunitatea osatzen duten Albiztur, Beizama, Bidania-Goiatz eta Errezil udalerrietan. Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Etorkizuna Eraikiz izeneko diru laguntzaren bitartez garatu dute. «Gure kezketako bat da herri hauetan dauden adinekoak nola txertatu gehiago herri barruko bizitzan, eta horren inguruan egin dugu proiektua», esan du Saiaz Mankomunitateko lehendakaria den Agurtzane Zelaiak. «Herri bizitzan denontzat da aberatsa beraiekin parte hartzea, eta horrela denon artean laguntzea, azken finean adinekoak errazago egokitzeko parte hartzera».

Adinekoekin egiten dituzten ekintzetan eta programetan ibilbide bat egina dagoela esan du mankomunitateko gizarte langilea den Elena Rikondok. «Parte hartze horretan ikusten genuen jende asko isolatuta geratzen zela», esan du Rikondok. «Kontuan izan behar da landa eremu batean gaudela, dispertsio geografikoa dugula eta horrek mugatzen du adinekoen parte hartzea». Bestalde, proiektuek askotan «hiri ikuspegia» dutela gaineratu du, eta horiek ez dietela balio. «Horregatik guk sortu egin behar izan dugu», esan du Rikondok. «Eta guretzat oso garrantzitsua izan da zahartzaroari ikuspegi aktibo bat ematea, ez begiratzea adinekoa menpekotasunetik».

Proiektuaren prozesu guztian adinekoei entzutea «oso garrantzitsua» izan dela dio Rikondok: «Oso lan zuzena egin da protagonistekin». Farapi kooperatiba aritu da proiektua dinamizatzen eta bertako kidea den Nerea Eliasek azaldu duenez, «elkarlana gakoa izan da proiektu honetan, bai mankomunitatearen aldetik, bai udalen aldetik eta bai teknikarien aldetik ere».

Egitasmoaren hasierako lanketa kuantitatiboa izan zen: biztanleria, adinekoen kopurua, horietatik zenbatek duen menpekotasuna, zerbitzuak zerrendatu eta horien erabiltzaileak zein diren zehaztu zuten. Hortik abiatu ziren proiektuaren «muinera», hau da, «adinekoei entzutea», Eliasek zehaztu duenez. Horretarako hiru lanketa egin zituzten. Batetik, sei banakako elkarrizketa egin zituzten herri bizitzan hain aktiboa ez den jendearekin. Bestetik, lau talde eztabaida egin zituzten, herri bakoitzean bat, mankomunitatean martxan dauden jardueretan parte hartzen duten adinekoekin. «Horrela bi profilak hartu ditugu kontuan, parte hartzen dutenak eta ez dutenak», zehaztu du Eliasek. Hirugarren lanketa izan da behaketarena, herrietako zenbait ekitaldi eta leku esanguratsuetara joan, eta jaso zein ari den parte hartzen eta zein diren rolak.

ABANTAILAK ETA ZAILTASUNAK

Jasotako informazioaren bidez atera dituzten ondorioetan, herri bizitzan parte hartzearen abantailak eta zailtasunak identifikatu dituzte. Abantaila bezala adinekoek aipatu dute adiskidetasuna lortzea, konfiantza lantzea, entzunak sentitzen direla, lotura bat izatea herriarekin. Horrez gain, memoria kolektiboa lantzea, harremanak berreskuratzea, ikastea eta gaitasunak mantentzea. Dibertsio bezala ere ikusten dute parte hartzea, eta ezohiko ekintzak egitearen pizgarria.

Parte hartzeko adinekoek zein zailtasun dituzten jasotzea «oso interesgarria» izan dela dio Rikondok. «Batzuk sentitzen dute ospea galtzea dela. Etxetik ez dira ateratzen eta ateratzen direnean elkartzen diren pertsonen eta lekuaren arabera, parte hartzea 'gutxiestea' izan daitekeela». Zailtasunen artean ere aipatu da kemen falta, gizarte harremanetarako zailtasunak, ohitura falta, zailtasun fisikoak, mugitzearen zailtasunak, diru falta, denbora eza, jardueren inguruko ezjakintasuna eta oro har mankomunitateari buruzko ezjakintasuna.

Jasotako ondorioak ondoren gizarteratu egin zituzten, herri bakoitzean saio bana eginez, eta beste saio bat lau herrietako partaideekin. «Ezinbestekoa iruditzen zitzaigun saio horietan herri eragileak izatea eta aniztasun bat bilatzea, ardura kolektibo baten ideiatik landu nahi badugu gaia», esan du Eliasek. Bestalde, azken saio horietan adinekoak izatearen garrantzia nabarmendu: «Ez du Farapik kontatu behar adinekoei pasatzen zaiena, haiek dira besteei kontatu behar dietena. Beti saiatu gara adineko pertsonak erdigunean izatea. Espazio atseginak sortzea, esan behar duten hori esateko eta kontatu nahi duten hori kontatzeko».

Saio horietan entzuleengan aldaketa bat izan dela nabarmendu du Eliasek: «Nabaritu dugu klak bat egin duela jendeak. Prozesuak berak parte hartzaileak aldatu egin ditu. Eta prozesuaren arrakasta neurtzean, hasierako elkarrizketatik amaierako lan saiora ikusi dugun eboluzio hori kontuan izan dugu, bai adinekoetan, bai bestelako eragile eta entzuleengan».

Eliasek gaineratu duenez, «eraldaketa indibidualetik egingo dira gero eraldaketa komunitarioak. Azkenean, hau ardura konpartitua dela jasotzea ondorio bezala, eta komunitatea eraiki behar baldin badugu, eta egoerei erantzun konpartitua eman nahi badiogu, ezinbestean hartu behar ditugu ardurak. Herri bizia nahi badugu, herritar biziak behar ditugu».

AURRERA BEGIRA

Ondorio nagusietako bat «ez dagoela ezer berririk egin beharrik». «Egin duguna da dagoena aztertu. Hori ondo baloratzen da, eta aurrera begira ikusi behar da egiten dena nola hornitu eta hobetu, eta nola egin jarduera horietan ez dagoen jendea erakartzeko», dio Eliasek.

Mankomunitatean aurretik egiten dutena nola indartu dezaketen ikusi behar dutela gaineratu du Rikondok. «Esaterako, Bidania-Goiazko kultur astean guraso elkarteak parte hartzen du, adinekoekin elkarlanean, eta aurten ere egin dute, eta ikusi dugu adinekoenganako begirada ezberdina izan dela. Bide horretan jarraitu behar dugu».

Hain justu, garrantzia handia eman diote jarduerak kalitate handikoak izateari, eta ez hainbeste kopuruari. «Identifikatzen ari gara zein izan daitezkeen laguntzaile bezala aritu daitezkeenak, eta hor gizonezkoen presentzia areagotu nahi dugu», esan du Rikondok, eta Zelaiak gaineratu: «60tik 85era bitartean tarte handia dago, eta jende asko dago osasunez ondo dagoena, denbora librea duena eta laguntzaile izan daitekeena. Gainera, adinekoen eta herriko errealitatea gehiago ezagutuko dute».

Rikondok nabarmendu duenez, «kontua da nola lortu laguntzeko beso gehiago, konpromiso handiak eskatu gabe, jarduera jakin batzuetarako». Eta bide horretan, «garrantzitsua» iruditzen zaie «udaletako ordezkarien eta udal teknikarien parte hartzea: «Nola eskatu bestela besteei laguntzeko?».

Hori horrela, lan ildo batzuk zehaztu dituzte, adinekoen parte hartzea sustatzeko eta indartzeko. Horietako bat da lau herrietako agendak elkarbanatzea, eta aukera izatea herri batetik bestera joateko jarduerak egitera. Mugikortasunaren inguruko beharrak dituzten adinekoen zerrenda bat osatzea da beste bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!