Zaparrada handiegia, aterki batentzat

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 24a, 11:36

Munduko emakumeen egoera aztertuz ekin dio, Jesus Torquemadak, Nazioarteko Gaurkotasun Soziopolitikoaren X. mintegiari; beste lau saio izango ditu Tolosaldea LHIren egitasmoak.

Nazioarteko Gaurkotasun Soziopolitiko Mintegiak hamargarrenez ekin dio ikasturteari, Tolosan. Aurreko bederatzi urteetan bezala, aurten ere Jesus Torquemada kazetaria izango da hizlaria, Tolosaldea LHIk antolatuta eta, joan den asteleheneko lehen saioan, munduko emakumeen egoera izan zuen hizpide.

Gaia «gizarteko eztabaida nagusietako bat» dela esanez ekin zion saioari eta, gehitu, nazioarteko leku gehienetan «berdintasun legala» badagoen arren, benetako parekidetasuna falta dela: «Efektiboa edo eraginkorra».

Akaso, mundu zabaleko emakume guztien gainera erortzen den zaparrada handiegia da aterki bakarrarentzat, baina Jesus Torquemadak bospasei gai izan zituen bide-orri, mintegiko parte hartzaileei gaia josteko.


 GAKOAK

1. Urte mugarria: 2017. Iazkoa feminismoaren borrokan urte mugarria izan zela baieztatu zuen, Topic zentroan, Jesus Torquemadak. Termometro moduan, MerriamWebster hiztegia baliatu zuen, izan ere, 2017an ingelesezko hiztegi horretan gehien bilatutako hitza feminism izan zen. Horrela, iazko martxoaren 8ko grebaren aurrekariei begiratu zien: «Urtarrilaren 21ean, Trumpek AEBetan agintea hartu eta hurrengo egunean, Women March (Emakumeen Martxa) mobilizazioaren irudiek munduari bira eman zioten». Kazetariaren arabera, estatubatuarren aldarrikapenek piztu zuten, aurtengo martxoaren 8ko txinparta; dena den, 2017an Latinoamerikako emakumeen mobilizazio erraldoiek ere izan zuten oihartzunik, 2018ko Emakumeen Nazioarteko Eguna antolatzerakoan. Aurrekariak aurrekari, M8ko plantoa «Espainian eta Euskal Herrian berria eta historikoa» izan zela uste du Jesus Torquemadak: «Ikuspegi soziologikotik, belaunaldi arteko mobilizazioa izan zen; amen eta alaben arteko sareak sortu ziren».

2. #Nierebai. Etiketa, traola edo gai horrek hainbat hizkuntza eta herrialde zehartu ditu, azken hilabeteotan, Interneten. Emakumeek noizbait jasandako eraso matxistak kontatzeko leloa izan da, salatzeko, munduko emakume guztiek bizitu izan dutela, inoiz, halako jazarpen egoera bat. Ingelesez ekin zioten, #Metoo (#Nierebai) etiketa erabiliz, Hollywoodeko zinema industrian sortutako bortxatze salaketen harira. Horrela, Torquemadak salaketak jaso dituzten hainbat gizonezko ezagunen izenak zerrendatu zituen: «Harvey Weinstein; Dustin Hoffman; Woody Allen; Al Franken edo Michael Fallon». Kazetariak, ordea, bereizi egin zituen, esaterako, Wensteinen bortxaketa kasua eta Fallonek emakume bati izterrean egindako ukitua. Horrela, azpimarra jarri zion horrelako gaiak «ondo zedarriztatzearen» garrantziari: «Lehen gizonezkoaren hitza emakumezkoaren hitzaren aurka zen, eta gizonak irabazten zuen beti; non dago, ordea, muga? Orain, kontua ez da egoera iraultzea ere». Bide horretan, munduko futbol txapelketa ere hizpide izan zuen, hainbat telebistatako emakume kazetariak burlak eta ukituak jasan behar izan baitituzte, aurten, kamera aurrean zuzeneko konexioak egiten aritu diren bitartean. Torquemadak «artaburutzat» jo zituen jarrera hori hartu zuten gizonezkoak, eta bereizketa bat egin: «Gauza bat artaburukeriak egitea da eta, besteak, indarkeria-indarkeria».

3. Dira ez. Dituzte. Nazio Batuen Erakundeak 1993. urtean idatzi zuen emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako adierazpena, «baina, oraindik ere, gaur egun, 3 emakumetik 1ek indarkeria fisikoa edo sexuala jasotzen du munduan». Jesus Torquemadak ohartarazi zuen, munduko 49 herrialdetan ez dela legerik, etxe barruan gertatutako indarkeria eta bortxaketa kasuak arautzeko. «Era berean, munduko 37 herrialdek inpunitate osoa eskaintzen diote erasotzaileari, tartean ezkontzarik ez dagoen kasuetan». Muturreko marko juridikoak deskribatu eta gero, Torquemadak Espainiako datuak eskaini zituen aretoan, azalduz, 47 emakume erail dituztela aurten. Zenbakia arazotzat jo zuen, bai, baina arazoa «mugen barruan» dagoela baieztatu: «Gaur egun, Espainian, uste dut erailketa matxista guztiak publiko egiten direla. Gaur arte 47 emakume erail dituzte, 47 milioi herritar dituen estatu batean. Sarri iruditzen zaigu biolentzia matxista eta erailketak egunero daudela komunikabideetan, baina, emakumeak egunero erailko balituzte, urtean 365 emakume erailko lituzkete Espainian, eta ez da horrela. Bai, Espainian indarkeria matxista dago, baina ez dezagun pentsa gaixo dagoen gizarte batean bizi garenik, askoz ere bortizkeria handiagoa baitago munduko beste hainbat txokotan». India aipatu zuen, munduan bortxaketa gehien gertatzen diren herrialdea dela azalduz eta, halaber, Latinoamerikari begira ere jarri zituen entzuleak: «Biolentzia matxista gehien dagoen munduko 25 herrialdeetatik 14 latinoamerikarrak dira. Mexikon, egunero 7 emakume hiltzen dira, izugarria da».

4. Ablazioa. Munduko 200 milioi emakumeri eragin die, dagoeneko, genitalen mutilazio horrek. Torquemadak dio kultur praktika dela eta, antza, musulmanen tradizioaren aurrekoa, nahiz eta, gehien, herrialde musulmanetan gauzatu. Komunitate horiek iniziazio erritutzat dute ablazioa, baina kazetariak argi bereizi nahi izan zuen klitoria eta baginako ezpainak moztea, judutarrek gizonezkoei egiten dieten zirkunzisiotik: «Ez du zerikusirik, ablazioaren helburua argia baita: emakumeei sexu plazera ukatzea, betirako». Datozen 10 urteotan, 30 milioi emakumek ablazioa jasateko arriskua izango dute, besteak beste, honako herrialdeetan: «Egipto, Sudan, Etiopia, Somalia eta Asiako zenbait herrialde».

5. Alfabetatzea, gako. Hala uste du Torquemadak: munduko emakumeen hezkuntzak eta alfabetatzeak mundua aldatuko dutela. «Analfabetismoa asko murriztu da, populazioa gora doan arren». 472 milioi emakume eta 277 gizon dira, gaur egun, analfabeto; 15 urtetik beherakoetan, berriz, alfabetatu gabeko 57 milioi emakume eta 44 milioi gizon daude. Torquemadak balio berezia eman zien lehen hezkuntzako matrikulazio datuei ere: Afrikan, %90ak lehen hezkuntza jasotzen dute, eta matrikulazioa parekidea da. Landa eremuan fokua jarri zuen, ordea, azalduz, emakume gazteek goizago utzi behar izaten dituztela ikasketak, besteak beste, haurtzaroan ezkontzen dituztelako. «750 milioi emakume 18 urte azpitik ezkonduta daude eta, horietatik 250 milioi emakume, 15 urte bete baino lehen». Goi mailako ikasketei ere begiratu zien, azalduz, ia herrialde gehienetan gehiago direla goi mailako ikasketak egiten dituzten emakumeak, gizonak baino. Bide horretan, ordea, diziplinen arteko banaketa azpimarratu zuen: «Adibidez, zaila da emakumeak industria lanetara erakartzea, gehiago bideratzen dira gizarte zientzietara; ikertu beharko dira arrazoiak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!