Aralarrek gordetzen duena

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 21a, 11:48

Atzo estreinatu zuten Aralar, mundua leku den lurra dokumentala Donostiako Principe zinema aretoetan. Landarlan Ingurumen Elkarteak eta On Produkzioak-ek elkarlanean egindako lana da. Hainbat herritan dagoeneko lotuta dituzte hainbat emanaldi, tartean Tolosaldean.

Aralarko pisten afera zela eta, Aralarri buruzko hitzaldiak ematen hasi zen Landarlan herriz herri. Aloña Jauregi elkarteko kideak eta dokumentalaren zuzendarietako batek dioenez, «konturatu ginen ezagutza falta handia zegoela orokorrean, bai gure artean eta baita jendearen artean ere. Txindoki eta lau larreez gain, gutxi samar ezagutzen genuela Aralar». Landarlanetik «ekarpen bat positiboan egitea» pentsatu zutela dio Jauregik, eta hasieran ideia sinple bat zena, dokumental txiki bat egitekoa, handituz joan zela.

Iban Toledo On Produkzioak-eko kidearekin jarri ziren harremanetan, gerora zuzendarietako bat izango zena. «Ibanek, onerako, erru pixka bat du emaitzan», esan du Jauregik. «Gure ideia hasieran sinpleagoa zen, hogei minutuko dokumentala egitea, gauza garrantzitsuenak jarriz, baina Ibanekin bildu ginenean, eta planteatu zuenean zein azpiegiturarekin egingo zuen eta nolako ikuspuntua emango zitzaion, aldatu egin zen ideia. Hasi ginen lanean, eta pixkana hartu du orain duen dimentsioa». Bere aldetik, Toledok azaldu du garbi zuela gaiak merezi zuela «horrelako esfortzua egitea», eta «kalitatezko lan bat egin behar zela, eta horrela egin da».

«Ikaragarri» ikasi dutela dio Jauregik, beraien «sorpresarako». Lehen harri sinple bat ikusten zuten lekuan, orain milaka urte dituen aztarna ikusten dute. Dokumentala egitearekin batera, egileak ere ezagutzaz jantzi egin dira, eta «balioan» jartzen dute eremua. «Aralarren Txindoki eta lau larreez gain gauza asko daudela konturatu gara. Hasieratik horren bila abiatu ginen, baina gure harridurarako, guk geuk asko ikasi dugu eta uste dugu dokumentalean nahiko ondo jasota geratu direla osotasunean Aralarrek gordetzen dituen altxorrak eta balioak». Ikuspegi aldaketa hori ere nabarmendu du Toledok: «Ikasi dugunarekin, orain edozein tokitara joaten zara eta edozein harri ikusten duzula, beste zentzu bat ikusten diozu. Aralarrek ere lur azpian sekulako aberastasuna du; bertara espeleologoekin sartu gara, eta gauzak ez dituzu lehen bezala ikusten».



Kalitate handiko irudiak

Dokumentala, baina, ez zuten ohikoa egin nahi. «Askotan, dokumentalak ikustean, erreportaje moduko bat izaten dira. Garbi genuen hortik alde egin nahi genuela eta sormenezko zerbait egin», esan du Toledok. Hainbat alorretako adituek esandakoaz gain, beste zerbait sartu beharra ikusten zuten. «Adituek hitz egiten dutena harilkatuko zuen kontakizun bat sortzea nahi genuen», zehaztu du Toledok. «Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek istorio bat sortu dute, alegiazko mundu bat, eta hori izango da dokumentala harilkatuko duena».

Irudiak kalitate handikoak direla nabarmendu dute, eta horretarako zinemarako erabiltzen diren optikekin aritu dira. Azken belaunaldiko kamerarekin grabatu dute, eta gehiena 4K formatuan eta hainbat grabaketa 5K formatuan ere egin dituzte. Azken emaitza 4K formatuan edo kalitatean izango da. «Zinema aretoan botatzeak muga batzuk ezartzen ditu eta horietako bat izan zen erresoluzioa», esan du Toledok. Bestalde, animaliak eta natura grabatzeko kamara geldoa erabili dute.

«Alde teknikoari begirada erantsi nahiko nioke», esan du Jauregik. «Ibanek Aralar ezagutzen du, eta saiatu gara argazki tipikoetatik alde egiten, txokoak beste ikuspegi batetik ematen. Agian jendeak esperoko du betiko bide eta lekuak ikustea, eta hortik ere aldendu egin gara».

Urte eta erdi ibili dira grabaketak egin eta dokumentala osatzeko. «50 irteera aurreikusita genituen eta azkenean 70 ingurura iritsi gara», esan du Toledok. «Argi genuen ez genuela nahi garraiobide mekanikorik erabili». Hiru kasutan erabili dute autoa, bestela ez zutelako posible grabaketak egitea, eta horrez gain asto batekin eta bizkarrean eraman dute materiala. «Jaxinta astoarekin iritsi ahal izan gara zenbait leku berezietara, baina horrek ere luzatu egin dizkigu grabaketa saioak. Hori bai, Aralarren beste ikuspegi hori ematea ahalbideratu digu».

Gauez eta bibak eginez ere aritu direla diote egileek. Besteak beste, Aralar elurtuta ere grabatu dute. «Joan ginenean elurra iragarrita zegoen, baina ez zegoen ezer», azaldu du Toledok. «Kamera atera bezain pronto hasi zitzaigun ekaitz elurtea eta irudi ikusgarriak lortu genituen. Handik bi egunetara joan ginen berriro, eta sekulako eguraldia atera zitzaigun, dena elur berriarekin, eta hor drona atera genuen, eta irudi ikusgarriak lortu genituen berriro. Izotz handiarekin ere joan gara grabaketak egitera eta abenturak ere pasa ditugu, baina esaten den moduan, gustuko lekuan, aldaparik ez».

Musikaren garrantzia ere nabarmendu dute. Pello Ramirezek egin du dokumentalaren musika, eta «indar ikaragarria» duela diote. «Narratzaile papera hartzen du. Dokumentala bera 5.1 formatuan nahastu da, eta zinemara joaten denak irudiak ikustera eta musika entzutera joan behar du», esan du Toledok, eta horretara animatu du bereziki, «dokumentalaren kalitatea bere osotasunean jasotzeko». «Pello, nire iritziz, Euskal Herrian erreferente izateaz gain, mundu mailako musikaria da», gaineratu du Jauregik. «Hasieratik esan zigun ikaragarrizko sorkuntza etorri zaiola lan honekin, eta Aralarrekin duen lotura areagotu egin zaiola. Pieza batzuk egin ditu etorkizunera begira oso entzunak eta erabiliak izango direnak».



Ikusten dena eta ez dena

Aralarri buruzko informazioa ematerakoan, lau gai edo multzotan banatu dute. Geologia eta uraren alorrean, esaterako, EHUko irakasleekin aritu dira informazioa jasotzen, zehazki, Arantza Aranburu, Arantxa Bodego, Arturo Apraiz eta Iñaki Antiguedadekin. Geologiaren inguruan azaltzen dute nola sortu den Aralar, eta bertan ikusi daitezkeen zati ezberdinak.

«Sistema karstiko nahiko konplexua duela aipatzen dute behin eta berriz adituek, eta ur biltegi erraldoi bat dela Aralar», esan du Jauregik. «Gu harrituta gaude Iñaki Antiguedadek aipatzen dituen gauza batzuekin. Beti imajinatzen dugu putzuak daudela, eta sistema ez da putzuka, arroka bera da magikoa, karsta bera da magikoa». Eta Toledok gaineratu: «Arrokak dituen zulo txiki horietan ura eusteko duen gaitasuna da garrantzitsua. Antiguedadek berak aipatzen du esaldi batean: 'Aralarren aberastasuna ez da ikusten dena, baizik ezkutuan dagoena'». Ur biltegi «ikaragarria» dagoela diote. «Hori zaindu egin behar dugu. Guztiok edaten dugu bertatik, eta zenbait azpiegiturek kalte handia egin diezaiokete ingurune horri», esan du Toledok.

Fauna eta flora izan da jorratu duten beste alorretako bat. «Jende askok esan digu lau basurde eta lau putre daudela, eta irudipen hori oso zabalduta dago», azaldu du Jauregik. Aranzadi Zientzia Elkarteko Joseba Garmendia, Maialen Arrieta eta Juan Arizaga kideekin eta Europako WWF-ko biodibertsitatean arduraduna den Sabien Leemans-ekin aritu dira lanean gai horien berri izateko. Besteen artean ugatza aipatu dute dokumentalaren egileek: «Oso gutxi daude, hiru besterik ez Aralarren, eta babestuta dago. Bisoia eta muturluzea ere babestuta daude. Muturluzearen kasuan saiatu gara grabatzen, baina ez da alerik azaldu, beraz, hori kezkatzekoa da». Lur azpian «ikaragarrizko» bizia dagoela diote. «Ematen du ikusten duguna ez dela existitzen», esan du Jauregik. Florari dagokionez, Aralarren endemikoak diren zenbait landare grabatu dituzte.

Historiaurrea, historia hurbila eta balio immaterialak osatu dute beste alorretako bat. Historiaurreari dagokionez, Joxean Mujika izan dute gidari, azken 25 urteetan, Barandiaranek eta Dorronsorok egindako lanari jarraipena ematen ari zaiona. Historia hurbilean, Juantxo Agirrek Nafarroako Erresumaren garrantzia azaldu du, San Migel santutegia, eta Ausa Gaztelu eta Jentil Baratza gazteluak aipatuz. Balio immaterialean, ahozkotasuna eta transmisioa nabarmendu ditu Gaizka Arangurenek. «Gizakia Aralarren aspaldiko urteetan ibili da eta horrek sortzen duen ahozko literatura eta istorioak, eta imajinarioa nola sendotzen duen agertu du», esan du Jauregik.

Kudeaketa da laugarren alorra, eta hor Aitziber Sarobek eta Iñaki Aizpuruk ematen dute hari nagusia. «Aizpuru urte luzez izan zen Aralarko parke naturaleko zuzendaria, eta Aralarren emandako aldaketa handienak beharbada bere eskutik etorriko ziren, bai zenbait pista egitea, artzainen txabolak berritzea, eguzki plakak jartzea, txaboletara ura eramatea,… Bertako kudeaketa planean parte hartu zuen, eta horiek azaltzen ditu», esan du Jauregik. Bestalde, Europako Ingurugiro komisarioa den Karmenu Vella elkarrizketatzeko aukera izan zuten. «Aralar Natura 2000 sarearen barruan dagoenez, interesa azaldu zuen inguru hauek babesteari buruzko iritzia emanez».

Jauregi eta Toledoz gain, dokumentalaren zuzendaritza taldean Garazi Auzmendi eta Ion Fontenla daude. «Lanak nahiko natural banatu dira. Ni kamerarekin aritu naiz, nire lanbidea hori delako», esan du Toledok, «baina gero horrelako lan bat egiteko laguntza behar da. Aloñak lagundu dit, gainera argazkigintzarako badu begia, eta segituan jarri zen nirekin, eta irteera gehienetara etorri da». Auzmendi eta Fontenla ere irteeretan izan dira, baina produkzio lana ere jorratu dute, «oso garrantzitsua dena»: txostenak garatu, diru laguntzak eta baimenak eskatu...

Orain, dokumentala zabaltzearen garaia iritsi zaie. Emanaldi guztietara joateko asmoa dute egileek, gero solasaldi bat izateko aukerarekin. «Gure helburua hori baita, Aralarri buruz hitz egin dadila, eta balioan jarri», zehaztu du Jauregik. Saio horietan mahai bat ere jartzeko asmoa dute, eta bertan digipack bat salduko dute, dokumentala pendrive batean eta Pello Ramirezen musikaren diskoa. «Ikusi genuen Pelloren lan ikaragarri hori ezin zela bakarrik dokumentalera mugatu, eta pentsatu genuen soinu banaren diskoa ateratzea». Proiektua finantzatzeko modu bat izango da digipackaren salmenta. «Horrelako lan batek kostu ikaragarria du», gaineratu du Toledok. Bestalde, Berria egunkariaren bitartez ere salduko da.

Egin duten lana «txukuna eta kalitate handikoa» dela nabarmendu dute egileek. «Irudiak ikusgarriak dira, indar handia dute, musikak zer esanik ez, eta Loreak eta Idurrek egin duten testuak balio poetiko ikaragarria du», esan du Jauregik. Ikusteko dago zer ibilbide egingo duen orain dokumentalak aretoetan. Tolosaldean, behintzat, dagoeneko sei herritan izango da ikusgai eta entzungai.

Emanaldiak Tolosaldean

Urriak 24, asteazkena.

20:00. Tolosako Leidor zinema aretoan. Sarrera: 5,1 euro.

Urriak 27, larunbata.

22:00. Orexako udaletxea.

Azaroak 7, asteazkena.

19:30. Amezketako kultur etxea.

Azaroak 16, ostirala.

19:00. Ikaztegietako udaletxeko areto nagusian.

Azaroak 23, ostirala.

22:00. Alegiako Elizpe zinema aretoan.

Abenduak 14, ostirala.

20:00. Adunako udaletxea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!