Erakutsiz ikasi

Kazetaritzara gerturatuz

Ataria 2018ko urr. 22a, 09:16

TOLOSALDEKO ATARIA-k 2016. urtean hasi zuen Erakutsiz Ikasi proiektua, eta bi urte geroago, hirugarren ikasturteari hasiera emango dio urriaren 26an kaleratuko den astekarian.

Orria osatzearen ardura Tolosaldea Lanbide Heziketako ikasleena izango da. Letrekin jolas egiten dute, eta ikastetxean bizi edota landu dituzten gaiak ekarriko dizkigute 2018-2019 ikasturtean ere.

Ikastetxeen joan-etorria izan da, baina aurten ere eskualdeko zortzi ikastetxek parte hartuko dute, eta aurten sartu dena Anoetako Herri Ikastola izan da. Gainerakoak, hasieratik daude: Ibarrako Uzturpe ikastola, Tolosako Herrikide ikastetxea, Inmakulada Lanbide ikastola, Orixe institutua, Samaniego Herri ikastetxea eta Laskorain ikastola, eta Villabonako Erniobea institutua.

Ehunka ikasle pasatzen da urtero-urtero, era batera edo bestera, TOLOSALDEKO ATARIA-tik. Hizki eta hitzekin jolas egiteko aukera izaten dute. Hitzez hitz lotzen dituzte gai ezberdinak. Eta urtarriletik aurrera, irratirako jauzia ere egiten dute. Astero 10-15 minutuko saio bat egingo dute. Honela, ikasgelan jorratu dituzten gai horiek eskualde osora zabaltzen dituzte. Modu honetan, hizkuntza eta komunikazio gaitasunak landu, garatu eta jendarteratuko dituzte.

Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Erdi eta Goi mailako ikasleen lanak argitaratuko dira astekarian eta irratian. Eta eduki guztiak ataria.eus webgunean irakurri edota entzuteko aukera izango da.

Honez gain, gainerako ikastetxe guztientzat ere ateak zabalik ditu Tolosako San Esteban auzoan dagoen erredakzioak. Ikasleen bisitak jasotzen dira, eta kazetaritza barrutik ezagutzeko aukera dute, eta baita irratian zuzenean parte hartzekoa ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!