Larunbaterako bi aukera: Eltxo Trail Orendainen edo mendi duatloia Amasan

Asier Imaz 2018ko urr. 18a, 13:41

Amasan XXVI. Mendi Duatloia antolatu dute; Orendainen III. Eltxo Trail lasterketa, Mikel Garmendiaren Oroimenezkoa.

Mendian kirola egitea gustatzen zaionak larunbatean bi aukera ditu eskualdean. Amasan, Mendi Duatloia antolatu dute, eta Orendainen, Eltxo Trail lasterketa. Biak arratsaldean izango dira eta izen emateko aukera azken egunera arte zabalik egongo da. Ohi bezala, ordea, aurrez apuntatzea komenigarria da antolatzaileen lana errazteko eta ekonomikoki ere merkeago ateratzen delako.

Orendainen, mendi lasterketa antolatzen duten hirugarren aldia izango da. Aurrekoetan bezala bi ibilbide egongo dira, bata laburra eta bestea luzea. Azken honi 16:00etan emango diote irteera, eta 21 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek. Gaintza eta Baliarrain herriak zeharkatuko dituzte korrikalariek. Herri horietan anoa guneak egongo dira. Bestetik, azken igoerako denborekin aparteko sailkapena egingo dute. Bi kilometro inguruko krono igoera izaten da, eta lehen gizonezko nahiz emakumezkoek saria izango dute: Mahalako urdaiazpiko bat. Guztira, 21 kilometroko itzulia egingo dute.

Ibilbide laburrari irteera 16:15ean emango diote. Aurtengo berrikuntza nagusia hori izango da, hain justu, ibilbide laburra. Zirkuitu berria antolatu dute eta Ibiur urtegiaren inguruan ibiliko dira 8,2 kilometroko distantzian.

Beste berrikuntzak lasterketa ondorengo afariari eragiten dio. Aurten aurrekontu aldetik estu ibili dira orendaindarrak eta afariaren ordez pintxoak egongo dira bertaratzen diren guztientzat.

Eltxo Trail lasterketa korrika egiteko moduko lasterketa da. Antolatzaileen esanetan errepidean eta mendian ibiltzen diren korrikalarien topagune moduko bat. Ez da batere teknikoa, eta paraje ederrez gozatzeaz gain, Donostia-Behobia prestatzeko aukera polita eskaintzen du.

Izena emateko herrikrosa.eus edo eltxotrail.com webguneetara jo daiteke. Egunean bertan ere egongo da aukera, 15:00etatik aurrera irteera puntuan.

Lehen edizioan 120 parte hartzaile izan zituzten, iaz 90. Aurten 100 inguru horretan ibiltzea nahiko lukete antolatzaileek. Oraingoz martxa onean doazela azaldu dute.

Antolatzaileek proba aurrera eramaten lagundu duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete: hiru herrietako boluntario eta udalei, Mahalari eta batez ere Naturbero eta Iar Eraikuntzak-i.

MENDI DUATLOI ENTRETENITUA

Euskal Herri mailako mendi duatloirik zaharrenetakoa antolatzen dute Amasan. Aurten 26. edizioa prestatu dute, aldaketa nagusi batekin: orain arte igandean izaten zen, aurten, mendi ibilaldi bat medio, larunbatera pasa dute. Bi modalitatetan aterako dira parte hartzaileak, banaka eta talde mistoan. Aurrena 4 kilometro egingo dituzte korrika, ondoren 16 mendi bizikletaz eta amaitzeko, 2 korrika. Mistoan txandatuz egingo dituzte hiru sektoreak.

15:30ean emango zaio irteera lasterketari. Azken urteetan 100 parte hartzaile inguru izan dituzte Amasan, eta aurten ere zenbaki horietan jarri dute helburua antolatzaileek. Izena emateko kirolprobak.com webgunean dago aukera. Egunean bertan, Amasako irteera puntuan.

Ibilbideari dagokionez, parte hartzaileek teknikoa dela esaten baldin badute ere, batez ere depositu inguruko aldapa, antolatzaileen ustez, hitz egokia entretenitua izango litzateke, teknikoa baino gehiago.

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren barruan dago Amasako duatloia, azken laugarren proba izango da. Hala eta guztiz ere, amasarrek kutsu herrikoia izan dezan lan egiten dute.

HAINBAT DATU

Eltxo Trail, Orendain

Urriak 20, larunbata

16:00etan ibilbide luzeko parte hartzaileak irtengo dira Orendaingo plazatik, 21 kilometro egiteko. 18 urtetik gorakoentzat izango da lasterketa. 16:15ean ibilbide laburrekoak, 8,2 kilometroko distantzia izango dutelarik aurretik. 15 urte gutxienez beteak izan beharko dituzte parte hartzaileek.

Izen ematea

Aurrez, herrikrosa.eus webgunean. Ez federatuek 18 euro eta federatuek 15. Egunean bertan, irteera puntuan, ez federatuek 20 euro eta federatuek 17 euro. Ibilbide laburrerako prezio orokorra 10 eurokoa izango da. Lasterketa egunean 12koa.

Amasako Mendi Duatloia

Urriak 20, larunbata

15:30ean, Amasako plazatik. Bakarka edo erreleboka egiteko aukera egongo da. 4,18 kilometro korrika, 17,7 mendi bizikletaz eta 2,4 korrika. Bi modalitatetan korrituko da mendi duatloia: banaka eta erreleboka.

Izen ematea

Aurrez, kirolprobak.com webgunean. Bakarka 15 euro eta erreleboka 25. Egunean bertan, irteera puntuan, bakarka 20 euro eta erreleboka 30.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!