Bizilagunak egitasmoan izena emateko epea, zabalik

Ataria 2018ko urr. 17a, 13:58

Tolosaldeko hainbat familia, 2016an

Azaroaren 11n egingo dute bertakoak eta atzerritik etorritako norbanako eta familiak mahai baten inguruan elkartzea helburu duen Bizilagunak egitasmoa. Izena emateko epea zabalik da.

Euskal Herriko familiak atzerritik etorritakoekin bazkaltzeko elkartzen ditu, 2012. urtetik, Bizilagunak egitasmoak. Ordutik, milaka lagunek hartu dute parte, elkar ezagutza bultzatu eta estereotipo eta aurreiritziak puskatzeko helburuarekin, eta urtez urte gehiago dira parte hartzera animatzen direnak.

Azaroaren 11n ospatuko da aurtengo edizioa, eta dagoeneko zabalik da izen-ematea. Familiek, bikoteek, lagunek, pisukideek... edonork parte hartu ahal izango du, bakarka nahiz taldeka, hurkoa ezagutzeko jakin-mina izatea baita parte hartzeko baldintza bakarra. Horretarako, 943 321 811 telefonora deitu edo Mugak.eus webguneko formulario bat bete beharko da.

14:00ak aldera, bertako familia edo talde bat, familia etorkin bat eta dinamizatzaile bat bilduko dira bi familietako baten etxean. Familia gonbidatzaileak egingo du bazkaria, ahal bada bere jatorrizko herrialdean ohikoak diren jakiekin. Bitartean, dinamizatzailea gonbidatuekin etorriko da, aurkezpenak egingo ditu eta elkarraldia hasiko da. 

Dinamizatzaile gisa ere parte har daiteke. Hautu hori egiten dutenek aldez aurretik ezagutuko dituzte beren ardurapean elkarrekin bazkalduko duten bi sendiak, eta hauekin harremanetan ipiniko da, bitartekari lanak egiteko. Bazkariaren egunean, gonbidatuak gonbidatzaileen etxera lagunduko ditu eta bertan, aurkezpenak egingo ditu.

SOS Arrazakeriak, «adimena zabaldu eta aurreiritziak gainditu» nahi dituen oro gonbidatu du egitasmoan parte hartzera. «Jende berria ezagutu eta haiekin jardutea, otordu batez besterik ez bada ere, aukera atsegina eta aberasgarria gerta daiteke. Bertako pertsona askok ez du aukerarik edota ez daki zer egin atzerritik iritsitako pertsonak ezagutzeko, eta alderantziz; horregatik, halako guztientzat Bizilagunak aukera paregabea da nork bere jakin-mina asetzeko eta bestelako jatorri, kultura, ohitura edota pentsaerak dituzten hurkoak ezagutu eta ordu batzuk gustura igarotzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!