Jokin Altunak ligaxkako lehen puntua lortu du

Asier Imaz 2018ko urr. 15a, 18:43

Amezketarrak 22-12 irabazi dio Olaizola II.ari lepo bete den Tolosako Beotibar pilotalekuan.

Lau eta erdiko txapelketan jokatzeko zalantza zen iragan astean. Ostiralean baietz erabaki zuen iazko txapeldunak, eta gaur, final-laurdenetako ligaxkako lehen partida jokatu du Jokin Altunak, Aimar Olaizolaren aurka.

Hasieratik hartu du aurrea Altuna III.ak, Beotibar bete duten zaletuen gozamenerako. Goizuetarrak, ordea, partida erdian gauzak estutzea lortu du. Bolada txarrari buelta eman eta berriro markagailuan alde egitea lortu du ondoren Jokin Altunak, sakeari zukua ateraz, 22ra iritsi arte.


Partidak 44 minutu eta 8 segundo iraun ditu. Gorriz jokatu duen Altuna III.ak 13 tanto egin ditu, sei pilota galduz. Ezker airearekin bikain ibili da amezketarra.

Aimar Olaizolak, aldiz, sei tanto egin ditu eta bederatzi galdu. Ezohiko akats asko egin ditu Olaizola II.ak; pilota behin baino gehiagotan goiko koltxoira botaz. Tantoa amaitzerakoan ere ez da hain fin ibili goizuetarra.


Ligaxkako bigarren partida larunbatean jokatuko du Jokin Altunak, Joseba Ezkurdiaren aurka. Bi pilotari horiek irabazi dute lehen partida euren multzoan. Galtzaileen arteko partida Olaizola II.ak eta Victorrek jokatuko dute.


Hurrengo astelehenean, Tolosako Beotibarren pilotak jarraipena izango du, Bengoetxea VI.ak eta Julen Retegik txapelketako partida jokatuko baitute bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!