Eskualdeko lau pilotari, Emakume Master Cup txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 11a, 12:44
Ane Urkizu, Berastegiko Salontzotako pala txapelketan

Urriaren 21ean hasiko da Emakume Master Cup txapelketa. Orotara 92 pilotari arituko dira lau eta erdikoan, horietako lau eskualdekoak.

Inoizko parte hartze altuenarekin hasiko da, hurrengo igandean, hilaren 21ean, lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketa. Iazko edizioan 80 pilotarik eman zuten izena; aurtengoan, berriz, 92 arituko dira, horietako 24, gainera, lehen aldiz.

Lehen mailako txapelketan 12 pilotarik eman dute izena, eta promoziokoan parte hartuko dute gainerako 80 pilotariek. Jatorriari begiratuz gero, gehienak bizkaitarrak izango dira, 31, eta ondoren gipuzkoarrak 29. Badira kataluniarrak (12), errioxarrak (5), aragoiarrak (4) baita mexikar bat ere.

Eskualdetik, berriz, lau ordezkari izango dira: Maialen Ganzarain lizartzarra, Ane Urkizu eta Lierni Gartziarena berastegiarrak, eta Maider Mendizabal anoetarra.

Txapelketa urriaren 21ean hasiko da Zaragoza, Bartzelona eta Gasteizko aurre-kanporaketekin. Gasteizen ariko dira eskualdeko pilotariak, Mendizorrotzako lau pilotalekuetan. Kantxa bakoitzean hiru partidako bost txapelketa jokatuko dira. Abadiño, Gordexola, Elgeta, Lemoa eta Zallan jokatuko dira ondorengo jardunaldiak.

Finalerdiak Amezketako Larrunarri pilotalekuan jokatuko dira eta bi jaialdiak ETB-1ek zuzenean emango ditu. Finalak, berriz, Azkoitian jokatuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!