Adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Atzegi elkarteak boluntariotza aukera berriak lortu nahi dituzte, eta horretarako Gure txanda da kanpaina prestatu dute. Atzegiko eskualdeko arduradunak, Aloña Agirrek, azaldu duenez kanpainak helburu bikoitza du: "Alde batetik, adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna ikusgai egin nahi dugu eta, bestetik, boluntario izateko aukera berriak aurkitu nahi ditugu".
Esan dutenez, geroz eta pertsona gehiago hurbiltzen zaie boluntario izateko nahia azalduz. "Badira urte batzuk hainbat erakunderekin elkarlanean ari garela, Elikagaien Bankua, Lilatona, Ehunmilak edo hainbat Urte Zaharreko lasterketa, esaterako. Kolaborazio horiek eskertu eta sendotzeaz gain, boluntario izateko esparruak zabaldu nahi ditugu, eta honela pertsona gehiagori aukera eskaini", esan du elkarteko Peio Erasok.
Iazko kanpainan Atzegin boluntario izateko deia egin zuten, eta aurtengoan, "boluntariotzari buelta bat emanez" adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna erakutsi nahi dute, eta bide batez "jasotako laguntza bueltatu".
Izan ere, elkartean boluntariotza inklusiboan sinesten dutela esan du Agirrek. "Zailtasunak izan arren, desgaitasuna duten pertsonek jarduera askotan kolaboratu dezakete. Baliagarri sentitzeko eta besteei laguntzeko grinak ilusioa eta ahalegin handia jartzera eramaten ditu. Halaber, gehitu nahiko genuke boluntariotza gizartearen parte hartzearen eta normalizazioaren adierazle ere badela, zergatik ez dira boluntario izango?". "Gure gizarteari ekarpen baliotsua egin diezaiokete", gehitu du.
Era berean, erakundeei deia egin nahi izan die Atzegik: "Orain arte izan ditugun esperientziak oso positiboak izan dira bi aldeentzat. Atzegin prest gaude erakundeen beharrak aztertzeko, jarraipena egiteko eta sor daitezkeen boluntario lanetan laguntzeko".
Kanpainaren barruan bi esperientzia erakusten dituzten kartelak, informazio eskuorriak eta adimen desgaitasuna duten pertsonentzako boluntario izateak suposatzen duena erakusten duen bideoa atera dituzte. Horretaz gain, www.atzegi.eus/guretxandada mikrositea sortu dute esperientziak partekatzeko.
Tolosaldeko datuak
Tolosaldeko 169 familia dira Atzegiko bazkide, 176 bazkide kolaboratzaile ditu eta 821 Atzegizale.