Iñaki Esnalen Bote Luzeko txapela airean dago

Asier Imaz 2018ko urr. 10a, 10:29
Argazkian, Gipuzkoako bi taldeetako ordezkariak

Euskal Herriko III. Bote Luzeko Txapelketaren finalak azaroaren 1ean izango du jarraipena, 11:00etan Oiartzunen.

Iñaki Esnalek Euskal Herriko Bote Luzeko Txapelketaren hiru finalak jokatu ditu. Lehen biak galdu ondoren  hirugarrena irabazten ari da. Hernanin jaio eta Larraulen bizi den 44 urteko pilotaria Gipuzkoa 1 taldean ari da jokatzen. Finalean Bizkaia dute aurkari.

Iragan larunbatean zen erabakitzekoa txapelaren lehia, baina partida hasi eta 20 minutura bertan behera geratu zen, euriagatik. Joko bakarra jokatu zuten eta hori gipuzkoarrentzat izan zen. Azaroaren 1ean utzitako lekuan helduko diote finalari, hau da, 1-0 eta 20 minutu jokatuta. Jarraipen hori Oiartzunen izango da, 11:00etan.

Pilota modalitate zaharrena eta ezezagunena da bote luzea. Jarraipen handiegirik ez duela dio Iñaki Esnalek, eta hori aldatzeko zerbait egin beharra dagoela: «Finalean familia eta bizkaitar kuadrilla bat besterik ez ginen. Joko oso polita eta aberatsa da zentzu guztietan. Ezagutarazteko zerbait egin beharko litzateke».

Bost bosten aurka lehiatzen dira bote luzean, eta Euskal Herriko txapelketa duela hiru urte jarri zuten martxan, besteak beste, Joxe Mari Mitxelenak eta Antton Mendizabalek. Iñaki Esnal txoratzen dago: «Bizi osoa pilotan pasa eta adinagatik albo batera pausoa emateko garaia iritsi zitzaidan. Duela lau urte niregana etorri eta hemen sartu ninduten. Gorputzak irauten duen bitartean jarraituko dut jokatzen; gozatzen ari naiz».

Lehen Euskal Herriko Bote Luzeko Txapelketan bederatzi taldek parte hartu zutela dio Esnalek: «Bizkaia eta Araba falta ziren». Bigarren urtean Euskal Herriko txapelketa hartu zuten parte bizkaitarrek, eta irabazi egin zuten.

Aurten Araba izan ezik lurralde guztiek hartu dute parte. Hurrengo erronka hori izango da, guztiak egotea. Gipuzkoa bi talderekin atera da, eta Gipuzkoa 2 Larraul eta Asteasuko pilotariek osatu dute. Eskualdekoak finalerdietan geratu ziren txapelketatik kanpo.

Bote luzeko partida batean bost bosten aurka aritzen dira. Euskal Herriko txapelketan 9 jokotara izan dira neurketak. Ordu eta laurdeneko denboran lehia amaitu ez baldin bada, markagailua bere horretan geratzen da eta joko gehien irabazi dituenak eramaten du partida. Horrela, 9-1eko emaitzak edo 6-3koak lortu dituzte Gipuzkoa 1eko pilotariek txapelketa honetan. Finala 13 jokora jarri dute, baina lehen jokoa oso borrokatua izan zela ikusita, 20 minutu iraun zuen, argi dago ordu eta laurdenera egokitu beharko dutela pilotariek txapelduna nor izango den jakiteko. Azaroaren 1ean ikusiko da hori, Oiartzun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!