Jon Irazu eta Jexuxmari Mujika, aurrera

Asier Imaz 2018ko urr. 9a, 21:13

Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketaren finalean egongo da Mujika ibartarra.

Jexuxmari Mujika Euskal Herriko txapelketaren finalean egongo da, bigarren mailakoan. Kanporaketan hamabi aizkolari hartu zuten parte eta horietatik sei pasa ziren finalera. Hiru kana erdiko, 60 ontzakoa eta oinbikoa ebaki behar zituzten aizkolariek.

Azkarrena Juan Jose Lopez beteranoa izan zen, 16 minutu eta 52 segundoko denborarekin. Arkaitz Jauregi sailkatu zen bigarren postuan, 17.16ko markarekin. Beste beterano bat izan zen hirugarren, Luis Txapartegi. Honen denbora 17.22koa izan zen. Jexuxmari Mujika ibartarra laugarren sailkatu zen kanporaketan, 17.25eko denborarekin. Lau aizkolari hauen artean lehia polita ikusi zen.

Hortik atzera tarteak handiagoak izan ziren. Bosgarrena Aratz Mugertza geratu zen, 18 minutuko denborarekin. Finalerako azken sailkatua Jose Antonio Etxeberria izan zen, 18.02 markatuta. Finala azaroaren 4an jokatuko da, Iurretan (Bizkaia).

Hitzordu horretatik kanpo Oier Kañamares (18.23), Eloy Kortxero (18.24), Asier Pellejero (18.41), Iban Resano (18.51), Oihan Larretxea (19.36) eta Julen Kañamares (21.00) geratu ziren.

Urrezko Aizkolarien Kopan aurrera egin duena Jon Irazu izan da. Zizurkildarrak Donato Larretxearen aurka neurtu zituen indarrak, eta lau minutuko aldea aterata hurrengo kanporaketarako sailkapena lortu zuen. Hamar kanaerdiko mozteko 29 minutu eta 30 segundo behar izan zituen Irazuk, Bilbon jokatu zen lehian. Donato Larretxearen denbora, berriz, 33.49koa izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!