Pinudien etorkizuna ezbaian

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 5a, 09:00
Tolosaldean ere zabaltzen ari da banda marroia, Orendain eta Abaltzisketako lurretan, esaterako.

Banda marroia edota banda gorria izeneko gaixotasuna azkar zabaltzen ari da pinudietatik, eta hauen etorkizunari ez ezik, basogintzaren geroari ere eragiten ari zaio indar bereziarekin.

Orain dela berrogei urte inguru badute banda marroia edo gorria gaixotasunaren berri, baina azken urte hauetan oso azkar zabaltzen ari da eta gero eta pinudi gehiagori eragiten dio. Gaixotasuna bi onddok sortzen dute, Mycosphaerella dearnessii eta Mycosphaerella pini izenekoek. Pinuen hostoak infektatzen dituzte, gorritu eta fotosintesia edo elikadura prozesua geldiarazi. Horrek, azkenik, zuhaitzaren heriotza eragiten du.

Peio Olano Fraisoro eskolako irakasleak azaldu duenez, orain gutxi arte gaixotasunaren eragina «oso baxua» izan da: «Zenbait zuhaitzei eragina sortzen zien, baina ez orain bezainbeste. Gaixotasuna urte batean garatzen bada eta hurrengoan ez, zuhaitza ez du hiltzen».

Baina azken urteen bere eragina handitu egin da. Onddo horiek hezetasun handia eta tenperatura goxoak behar dituzte. Azken urte hauetako neguen baldintza klimatikoak, eta gero urte osoan hezetasuna mantentzeak, onddoen hedadura ekarri du. «Horri gaineratu behar zaio intsinis pinuaren landaketa monolaborantza izan dela», esan du Olanok. «Naturaren eremuak birlandatu egin ditugu eta zegoen oreka hori hautsi egin dugu. Tartean urki landaketak edo beste zuhaitz batzuenak eginez gero, pixka bat gelditu ahal izango zen onddoen zabaltzea. Zenbait tratamenduk edota zenbait kimaketek lagundu dezakete gaixotasuna geldiarazten».

Bost urtetik hona ari dela eragin handia sortzen eta azkeneko bi-hiru urte hauetan ari dela garatzen esan du Olanok, eta gaineratu: «Nik uste dut hemendik beste hiru urtetara ia Gipuzkoa osoa hartuta egongo dela». Izan ere, herrialdeko zenbait eskualde, adibidez Urola Kosta, «erabat hartuta» dago. «Goierri eta Tolosaldean dezente nabarmentzen ari da, eta erkidegoari dagokionez Gipuzkoa da eragin handiena duena. Bizkaiak ere badu, eta Arabak gutxiago. Ikusita zer garapen duen, uste dut erkidego guztia hartuko duela».

Gaixotasunak intsinis pinuari eragiten dio gehien, zuhaitz hori baita gehien hedatua dagoena. Baina beste zuhaitz batzuei ere eragiten dio: larizio pinuari, alertzeari eta oro har konifero dezenteri. Pinua gero eta zaharragoa izan, erreserba gehiago ditu, eta gehiago irauten du. Baina pinu gazteak bi edo hiru urtetan hil egin daitezke, eta pinu zaharrak ere denborarekin hiltzen ari dira. «Pinua lehortu eta usteldu egingo da, eta erregai pila bat metatuta geratzen da basoan, suaren menpe», esan du Olanok.

Nola egin aurre?

Gaixotasunari aurre egiteko zenbait faktore kontuan hartu behar direla dio Olanok. «Gipuzkoan baso jabetza gehiena partikularra da. Aldundiak esaten badu, adibidez, tratamendu bat egin nahi duela, azkenean partikularren partzeletan ez litzateke egokia edo bidezkoa izango. Prozesionariarekin edo pinu beldarrarekin egiten da, baina hori da arrak edo larbak sumindurak sortzen dituelako pertsonengan eta animaliengan, ez gaixotasuna berarengatik». Banda marroiaren kasuan pertsonei eta animaliei ez die inongo eraginik sortzen.

Pinuen jabeekin hitz egin beharko litzateke gaixotasunaren aurka zerbait egiteko, Olanok iradokitzen duenez. Fraisoro eskolako irakasleak gogora ekarri du gaixotasun hori mahastietan ere ematen dela. «Gorrina bezala ezagutzen da, baina hori tratatu egiten da. Kontua da mahastiak baxuagoak direla eta pinu batzuk 30 metrokoak izan daitezkeela, eta horrek zailtasunak sortzen ditu, noski». Horrez gain, Olanok dio errentagarritasuna ez dela «oso altua»: «Jende asko ez dago prest eta lursailak oso txikiak dira, jabe askok ez dute ezer jakin nahi...».

Eragina jasanda eta ez badira urte asko pasatzen, pinuaren egurra erabili daiteke. Baina hor beste faktore batzuk sartzen dira jokoan. «Jende asko arduratuta dago, eta hasi da basoa tasatzen, botatzeko, baina egun dauden kuadrillak ez daude prest hainbeste egur pila transformatzeko. Beraz, gero, komertzializazioan ere kontuan hartu beharreko zailtasunak daude. Egur hori komertzializatu egin behar da, eta zuk bota dezakezu pinudia, baina gero egur hori ez bada saltzen, alferrikako lana egingo zenuke».

Gipuzkoan eta Bizkaian basogintza intsinis pinura asko bideratu dela, eta baita egur industria ere, azaldu du Olanok. «Horrek suposatzen du aldaketa handi bat, eta ez dakit prest egongo garen horretarako».

Horrez gain, aurrera begira zer komeni den landatzea ez dagoela garbi gaineratu du Olanok. «Batzuk eukaliptoa landatzen ari dira, eta izeia eta bestelako espezie batzuk ere bai, baina ez dakit horiek zer-nolako etorkizuna izango duten, agian gero industriak ez dituelako nahi izango».

Olanoren ustez, «inork ez daki ziur zer izango den egokia landatzea etorkizunari begira. Hemendik 35-40 urtera, merkatuak zer eskatuko duen jakitea oso zaila da. Hemengo zerrategiak oso prestatuak daude pinu mota hau transformatzeko; ez dakit industria bera ere prest egongo litzatekeen beste material bat hartzeko».

Nafarroako edo Arabako basoei begira jarri da Olano erantzun posible baten bila: «Bertako pago eta haritz dezente dago, askoz hobeto egokituta dagoena bertako baldintzetara. Etekina epe luzeagokorako da, baina gastua ere txikiagoa da. Eta ez dakit berriro ez ote genukeen bueltatu behar bertako espezieak landatzera. Gaixotasunen aurrean defentsa gehiago dituzte». Intsinis pinua landatzea bultzatu dela gaineratu du, «eta azkenean gertatzen dena da ez dela egokia politika hori. Pagadi bat dugunean ez da bakarrik egurra. Onddoak dauzkagu, biodibertsitate gehiago eta beste faktore batzuk daude. Eta gaur egunean gizarteak hori gehiago eskatzen du».

Olanoren ustez basogintza bidegurutze batean dago: «Ez dakigu norantz joan behar dugun. Gauza bat eta bestea entzuten da, baina ez dakigu ziur basojabe batek zer aldatu behar duen. Basogintzan zer bide hartu behar dugun jakiteko, ezagutu behar dugu zer dagoen eta gizarteak zer eskatzen duen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!