Enirio-Aralar

Aralarko pista berriaren inguruko salaketa jarri dute Ingurumen Fiskaltzan

Ataria 2018ko urr. 4a, 20:00

Prentsaurrekoa eman dute Eguzkik eta Landarlanek, bigarren salaketaren berri emateko. ARIANE VIERBÜCHER/GOIERRIKO HITZA

Aurreko pistarekin egin bezala, Eguzki Talde Ekologistak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak jarri dute salaketa. Enirio eta Igaratza bitartean egiten ari diren ibilgailuentzako bidea dela-eta egin dute salaketa.

Enirio-Aralar Mankomunitateko zenbait ordezkariren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko zenbait ordezkariren aurkako salaketa jarri dute bi elkarteek, "ingurumen eta lurralde antolaketaren aurkako balizko lege-hausteagatik eta ustezko prebarikazio delitu batengatik". Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei dagokionez, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren, Monica Pedreira Ingurumen zuzendariaren eta Arantxa Ariztimuño Mendi eta Natura Inguruneko zuzendariaren aurkako salaketa jarri dute.

Mankomunitateari dagokionez, zehazki Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateari (independentea), Ainhoa Zuriarrain Amezketako zinegotziari (EH Bildu), Iñigo Olano Altzagako zinegotziari (independentea), Aloña Urretabizkaia Aramako zinegotziari (independentea), Elena Ruiz Beasaingo zinegotziari (EAJ), Aitor Altuna Lazkaoko zinegotziari (EAJ) eta Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkate eta mankomunitateko lehendakariari (EAJ). Mankomunitateko ezohiko eta presazko batzar batean "egitasmoa onartu, kontratazio mahaiko kideak izendatu, baita esleipenerako ordezkaritza, hala nola kontratatzeko beharrezko ekimenei naiz kontrol eta jarraipena egiteko kontratu txikien ahalmena" lehendakariari eman izanagatik jarri dute horien aurkako salaketa. 

Eguzkik eta Landarlanek salaketaren nondik norakoak azaldu dituzte, eta lehenengo arrazoia "Ingurumen Azterketaren Legediaren urratze nabarmena" dela diote. "Pisten egitasmoaren zatikatzeak legeari iruzur garbia egitea da, baita ezarri beharreko arauen urratzea ere", esan dute. Araudi horren arabera, salaketa jarri dutenek diotenez, "pista berrien lehen egitasmoa, Intzensao eta Saltarri artekoa, Goroskintxuraino egin zena, egungo egitasmoarekin batera ingurumen ebaluazio arrunt eta estrategiko bidez aztertu behar ziren, baina ez zen horrela egin".

Bestalde, habitat naturalen eta basa fauna eta landareen inguruko CEE 92/43 zuzentaraua ez betetzea leporatzen diete salaketa jarri dietenei. Pistaren egitasmoak zuzentarauak exijitzen dituen baldintzak ez dituela hainbat puntuetan betetzen diote. Batetik, Igaratzako txaboletara iristeko bidea dagoela diote, pista berriak "eskaini nahi dituen baldintza berdinekin, baita oinez edo bizikletaz erabil daitekeen senda edo mendi bidea ere". Bestetik, belardien kontserbaziorako abeltzaintza eta artzaintzaren jarduera mantentzea ez dagoela zehazki pista horren menpe gaineratu dute. "Egitasmoaren bultzatzaileak larreak mantendu eta hobetzea dutela helburu badiote ere, Aralarren badira sastrakaz bete direnak, bide egokiak eduki arren. Uste dugu egun ez dela posible gai hau egoki aztertzea ez delako Aralarko larreen plangintza bat existitzen, Aralarko KBEaren dekretuak ala zehazten badu ere". Egun Igaratzako txaboletara joateko bideek ez dituztela "pertsonentzako segurtasun gabeziarik" gaineratu dute.

Pistaren proiektuaren ingurumen inpaktuaren azterketak bide berriak izango lukeen "erabilera eskasa" baieztatzen duela diote salaketa jarri dutenek. Bestalde, pista berria egiteko 16 gorosti eta 6 hagin kenduko dituztela azaldu dute, eta "eragin ezkorra" duela babestutako 24 landare eta 60 animalia espezierengan.

Salaketa jartzeko beste arrazoietako bat pistaren trazatuarekin du zerikusia. Eguzki eta Landarlanek diote bidearen %80a, 2 kilometro, mendi babesletik igarotzen dela. Eremu horretan "lurra mugitzea eragiten duten jarduera oro debekatuta" daudela diote. Horrez gain, pistaren eraikuntzak Aralarko ondare arkeologikoan "kalte konponezinak" eragingo dituela gaineratu dute. 

Eusko Jaurlaritzako Natur Ondarearen Zuzendaritzak pistaren egitasmoaren aurkako iritzia eman duela azaldu dute Eguzkik eta Landarlanek, eta hori ingurumen inpakturako azterketak aintzat ez hartzea "legez kanpokotzat" jotzen dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamenduak Aralarren aurreikusita dauden pista guztien azterketa bateratua egitea gomendagarri ikusten duela diote, eta ondorioz "pistaren alde ez dela agertzen" gaineratu dute.

Eguzki eta Landarlanen arabera, Aralarren aurreikusita dauden "pisten egitasmoaren zatikatzearen aldeko jarrerarekin, foru aldundiko erakunde ezberdinek legearen aurka eginez elkar hartu izana, ez dugu uste ezagutza ezaren ondorio denik, aurretiaz antolatutako eta jarrera prebarikatzailea duen plangintza baizik".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!