Txapeldunen arteko partidak jokatuko dira Amezketan eta Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 4a, 09:48

Mahala Pilota Desafioa aurkeztu dute Tolosako Beotibar pilotalekuan; lau eta erdian, buruz buru eta binakako partidak jokatuko dira Larrunarrin eta Beotibarren.

Euskal Herriko afizionatu mailako txapelketa garrantzitsuenei begira jarri dira Mahala Pilota Desafioa antolatzerako garaian. Horrela adierazi dute Pilotabizi elkarteko kideek. Asteartean aurkeztu zuten V. Pilota Desafioa, Beotibarren. Bi jardunalditan hiru modalitatetan ariko dira esku pilotariak. Aurtengo berrikuntza nagusia izena izango dela azaldu zuten antolatzaileek: «Desafioaren berrikuntza handiena babeslearena da, Mahala izango baita babesle ofiziala eta bakarra». Horregatik ekimenari babeslearen izena jarri diote.   


Urriaren 12an eta 14an jokatuko da Mahala Pilota Desafioa. Lehen jardunaldia Amezketako Larrunarri pilotalekuan eta bigarrena Tolosako Beotibarren. Pilotariak aukeratzerako garaian ondorengo irizpideak jarraitu dituzte Pilotabizikoek: «Hiru modalitatetan antolatzen diren txapelketa nagusiak Zornotzakoa, lau eta erdian, Antiguokoa, binaka, eta Amezketakoa dira, azken hau banakakoa. Finaletara iritsi diren pilotariak ekarri nahi izan ditugu eskualdera, errebantxa moduko bat izan dezaten».

PILOTARIAK ETA PARTIDAK
Urriaren 12an bi partida jokatuko dira Amezketan, eta binakako lehiak izango dira. Guztira, beraz, puntako zortzi pilotari izango dira Larrunarrin. Antiguoko txapelketako finalak kontuan hartuta, elite eta etorkizun mailetako pilotariak nahastu dituzte. Bikoteak ere nahastu egin dituzte. Zubizarreta izango da Amezketan faltako den pilotari bakarra. Bere lekua Espinalek hartuko du. Eskualdeko ordezkaria, berriz, Eneko Labaka albizturtarra izango da. Bi partida horietako irabazleek urriaren 14an jokatuko dute finala.


Bigarren jardunaldia Tolosako Beotibar pilotalekuan izango da. Jaialdia arratsaldean hasiko da lau eta erdiko partidarekin. Alberdi eta Zabalak Zornotzan partida ikusgarria jokatu zuten finalaren atarian, eta ingurukoak eta kuadrilla berekoak izanik, ikusmina sortuko duen partida izango dela espero dute antolatzaileek. Asteasu eta Adunako pilotarien ondoren De La Fuente eta Igoa nafarrak aterako dira kantxara. Frontoi osoan jokatuko dute bi pilotari gazte hauek. Joxean Tolosa Txapelketaren finala jokatu zuten kadeteetan. Orduan De La Fuente nagusitu zen, baina ez zen partida bete-betea izan. Bi pilotariek, ordea, txapelketa izugarria jokatu zuten eta urriaren 14an beste aukera bat izango dute etorkizun handiko pilotariak direla erakusteko.


Azkenik, binakako partida jokatuko da lehen jardunaldiko irabazleen artean.
Txapeldunek sari bikaina jasoko dute, izan ere, Mahalak 1.000 euroko balioa duen produktu saskia prestatuko du irabazleentzat.


Antolatzaileek pilotazaleak gonbidatu dituzte Amezketa eta Tolosako partidetara.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!