«Hemen meza emateko beharrezkoa ikusten dut euskara jakitea»

Iñigo Terradillos 2018ko urr. 4a, 08:12

Herve Tienou maliarra Alegialdeko herrietan dabil meza ematen eta libre geratzen zaion tartea euskara ikasteko baliatzen du, garrantzitsua iruditzen baitzaio Tolosaldeko herrietan meza euskaraz ematea. Momentuz, «gustura eta ongi» dabil.

Aurretik ere ezaguna zuen Euskal Herria Herve Tienouk (Perakuy, Mali, 1970), Mali Elkartasuna elkarteak gonbidatuta etorri izan da gurera, baina urtebete inguruko egonaldiak bakarrik egin izan ditu. Azkeneko hiru urteak, ordea, gure artean daramatza, eta oraingoz, ez du bere herrialdera itzultzeko aukera aurreikusten.

2015ean ekainean etorri zinen hona. Zer dela eta?

Gaixotasun bat dela eta etorri nintzen eta tratamendua jaso nuen hemen. Hiru urte daramatzat dagoeneko eta momentuz osasunez ondo nago.

Hona iritsi aurretik apaiz lanetan zenbiltzan Malin.

Bai, Segou eskualdekoa naiz eta San elizbarrutian nenbilen. Mali hegoaldeko hiria da Segou eta izen bereko eskualdearen hiriburua da. Niger ibaiaren eskuineko bazterrean dago.

Malin etnia ezberdinak bizi zarete.

Gure zonaldean gehienak bwa izeneko etniakoak gara eta borea da gure hizkuntza. Beste etniakoekin ez gaude oso nahastuta. Malin gehienak, banbara etniakoak dira.

Hizkuntza asko hitz egiten dira Malin?

Frantsesa hizkuntza ofiziala da eta bambara etniakoak gehiengo direnez, bada beraien hizkuntza hori da gehien hitz egiten dena. Eta gurea, bore hizkuntza, milioi bat lagunek edo hitz egiten dute. Frantsesa eskolan erabiltzen den hizkuntza da, idazteko, administrazioan eta horrelakoetan erabiltzen dugu. Gero gure artean, herrian, ez dugu frantsesa erabiltzen

Nolako herria da zurea?

Herri txikia da. Bi mila biztanle inguru ditu.

Zein sinesmen nagusitzen da Malin?

Musulmanak dira gehiengoa, %94 inguru eta kristauak %2 inguru gara. Nire zonaldean, hala ere, ehuneko hori handiagoa da eta gehiago gara kristauak.

Nolakoa da hango egoera politikoa?

Lasaitzen ari dela esango nuke, baina iparraldean, desertuan, terrorismoa dago. Maliko armada, besteak beste Espainiakoen eta Frantziakoen laguntzarekin borrokatzen ari da. Nik Internet bidez hitz egiten dut senideekin, telefonoz oso gutxi, eta hango errealitatearen berri ematen didate.

Zenbat denbora daramazu apaiz?

Duela 22 urte apaiztu nintzen. Txikitan sentitu nuen bokazioa, eta ondorioz, apaiztegira joan nintzen 16 urterekin. Ikasketak hamar bat urtez egin eta gero hasi nintzen apaiz. Parrokian laguntzaile bezala hasi nintzen, eta gero, lau urtera beste herri batera joan eta eskola batean lanean hasi nintzen, baita apaiztegian ere.

Nolakoa da zonalde horretako komunitate kristaua?

Gehienak gazteak gara eta bizitza normala daramagu. Beste sinesmen batzuetako jendearekin ondo moldatzen gara.

Orain Alegian zaude. Inguruko herrietan ere aritzen zara apaiz.

Meza ematen dut Alegian, Altzon, Ugarten, Abaltzisketan, Orendainen, Bedaion, Ikaztegietan, Albizturren eta batzuetan Baliarrainen.

Nola sortu zitzaizun hemen apaiz lanetan hasteko aukera?

Bertako elizbarrutiko arduradunak 12 parrokia zituen bere ardurapean eta laguntza behar zuen. Ni apaiza izan eta hemen ezer egin gabe egotea ez zen kontua. Beraz, pixkanaka meza ematen hasi nintzen.

Nola gogoratzen dituzu lehenengo momentu horiek?

Egia da sorpresaz hartu zuela jendeak, bitxia egiten zitzaien afrikar bat meza ematen ikustea. Alegian hasi nintzen meza laguntzaile, irakurtzen. Igandeko meza bakarrik ematera pasa nintzen gero eta uste dut jendeak pozik hartu nauela. Oso harreman ona dut. Jendearekin ondo moldatzen naiz, gustura nago.

Euskaraz ere ederki moldatzen zara. Nola ikasi duzu?

Nire kabuz hasi nintzen. Hitz batzuk ikasi nituen aurrena eta 2016an Maizpide euskaltegian hasi nintzen, Lazkaon. Pixkanaka hobetzen ari naiz. Hemen meza emateko beharrezko ikusten dut euskara jakitea.

Nola antolatzen duzu zure egunerokoa?

Denbora asko pasatzen dut euskara ikasten. Irratia euskaraz entzuten dut eta irakurri ere bai, askotan. Internet bidez ere ari naiz gauza batzuk ikasten eta mintzapraktika egiten dut lagun batzuekin, Alegian bertan. Mintzalagun batekin hasi nintzen eta orain lagun gehiago dauzkat euskara praktikatu ahal izateko.

Asko aldatzen al da meza emateko modua Malin eta Euskal Herrian?

Han denbora asko pasatzen dugu meza ematen, bi ordu baino luzeago diren mezak ere izaten dira. Kantatu eta dantzatu egiten dugu. Hemen meza azkarra egiten dugu, ordubetekoa asko jota.

Hango komunitateak nabaritzen al du zure hutsunea?

Bai, baina jende gehiago ere badago nire hutsunea betetzeko. Han meza emateko ez da jendearen falta sumatzen.

Aurretik ere ezagutzen al zenuen Euskal Herria?

Bai. Mali Elkartasuna elkartea dago Alegian eta 20 urte baino gehiago daramatza han proiektuak gauzatzen. Elkarte honen bitartez, Euskal Herria ezagutzeko aukera izan nuen. 1999an etorri nintzen lehenengoz eta ordutik zazpi aldiz etorri naiz. Hilabeteko egonaldiak egin izan ditut gutxi gorabehera.

Zein proiektu gauzatzen ditu Mali Elkartasuna elkarteak?

Ikastetxeentzako eskolako materiala bildu, bekak eman eta elikagai hobeak eskuratzeko laguntzak ematen dituzte. Elizbarrutian proiektu batzuk ere gauzatu ahal izan dira hemendik bideratutako laguntzarekin. Baina, nagusiki, eskolarentzako laguntza eman izan da.

Alegian erakusketa bat ere jarri berri duzue.

Bai, argazki erakusketa bat izan da. Mali Elkartasuna bidez jasotako dirua nire herrialdera bidaliko da. Eskolara bideratuko da laguntza hori.

Badakizu noiz itzuliko zaren Malira?

Momentuz ez daukat pentsatuta. Urtero joan izan naiz hemen nagoen bitartean. Hilabeteko bisita egin ohi dut horrelakoetan eta lan batzuk egiteko ere aprobetxatzen dut.

Noiz arte geratuko zara Tolosaldean?

Oraindik ez dakit. Agian emango ditut urte batzuk hemen. Gustura eta pozik nago. Euskara ikastea ere gustatzen zait eta hemen Tolosaldeko bizimodua atsegin dut. Momentuz ondo eta gustura nabil, hortaz, hemen geratuko naiz denboraldi baterako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!