Gertutik

«Gauza asko konpartitzen dira baina gogorra da»

Iñigo Terradillos 2018ko urr. 3a, 11:02

Larraitzen bizi den amezketarra da Agurtzane Murua. Bi ofizio ezagututakoa da; informatikariarena eta sukaldariarena. Lehenengoa utzi eta bigarrengoan murgilduta bizi da orain.

Bizi eta lana Larraitzen; eguna bertan pasako duzu? 

Norbaitek topatu nahi banau erraza da.

Larraitz Gain jatetxean zer lan egiten duzu?

Normalean sukaldean aritzen naiz; lehen barran zerbitzatzen gehiago aritzen nintzen baina bertako etxekoandreak erretiroa hartu duenez, nire gizonaren ama, Xeberi, orain sukaldean aritzen naiz gehien bat, sukaldatzen.

Sukaldean aritzeko, jakin egin behar da. Bazenekien?

Autodidakta erabatekoa. Bai Xeberik eta baita nire amak ere erakutsitakoa praktikan jartzen ikasi dut.

Zein da zure berezitasuna?

Oraindik ez didate komentatu, baina esango dizut arrain-zopa nahiko ondo ateratzen zaidala, paella eta lasagnak egiten ere moldatzen naiz. Etxeko kroketak ere, urdaiazpikokoak... Egia esan gauza asko ikasi ditut!

Horiek prestatzerakoan gustura geratzen zara?

Bai. Seme-alabek ere gustura jaten dituzte eta.

Amezketarra, informatikaria ikasketez...

Zazpi urte eman nituen informatikari bezala lanean, Donostian baina azkenerako bizimoduak horrela eramanda, aldatu nuen.

Aldaketa handia, informatika lana edo sukalde lana.

Han egun guztia eserita eta orain zutik. Han egun guztia auditoriak egiten, dena oso interesgarri, oso polita zen baina... Hau gogorragoa! [Barreak].

Ostalaritza gogorra da. 

Gauza batzuk ikusitakoa naiz baina hau oso gogorra da. Ordu asko sartu behar dira. Polita ere bada, jendearekin gauza asko konpartitzen dituzulako, gauza asko ikasten dituzulako, ikaragarri... baina ordu asko ere badira.

Gogorra izan arren, gustura?

Bai. Moldatu behar.

Edo tarteka esaten al diozu zeure buruari: 'Utzi nuen ba nik informatikari lan hura'...

Hura ere orduak sartzekoa zen, punta-puntan egoteko, lan guztietan ordu asko sartu behar dira. Lan horrek ere badu uneoro eguneratuta egon behar izatea. Adibidez, ordenagailu programetan eta ateratzen diren zulo horiek, egunero orduak sartzen egon behar nintzen.

Informatikan astebetean mila gauza berri atera daitezke. Adibidez, sistema operatibo baten zaurgarritasunak... Egunero ordu asko pasa behar dira. 

Etxean beraz, teknologiarekin arazoren bat dagoenean, denek zuregana joko dute.

Bai baina egia esan orain eguneratuta ez nagoenez gehiago kostatzen zait. Gaur egungo mobilak esan daiteke ordenagailu txikiak direla eta iruditzen zait jende askok ikastaro batzuk hartu beharko lituzkeela mobil horiek eskuan hartzeko. Mobil batzuk erosteko jada ikastaroa beharko litzateke atzetik.

Informatika ikasi zenuen, txikitatik zaletasuna zenuelako?

Nire aitak txikitan, programazio ikastaro batera eraman gintuen eta gustatu zitzaidan. Egia esan Batxilergoa bukatu nuenean, zer ikasi ez nekiela, aitak apuntatu ninduen Kimikara unibertsitatean. Ordenagailuei buruzko Goi Mailako gradu batek erakarri ninduen eta horretan eman nuen izena. Irakasle oso onak tokatu zitzaizkidan, disfrutatu nuen. Ez zidan perezarik ematen hara ikastera joatea.

Agurtzane Muruak nola betetzen du bere denbora librea?

Daukadan tarte motza, umeekin pasa behar izaten dut. Bestela afizio asko ditut baina umeek denbora asko kentzen didate. Asteazkena izaten da nire larunbat eta igandea. Gauza asko egin nahi izaten ditugu baina ezin denera iritsi.

Amezketarra izatez. Gustuko herria?

Amezketa bai! Amezketan gauza asko daude egiteko, fabrikak bizi handia ematen dio, bertan lanpostua izanik, bertan bizimodua egitea ahalbidetzen du fabrikak. Ez da beste herrietan bezala, lotarako leku bihurtu direla.

Baduzu bertan leku kuttunik?

Nire lehengo etxe inguruan ibiltzea gustatzen zait. Sasturain taberna inguruan egoten naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!