Peña eta Urretabizkaia elkarren aurka

Ataria 2018ko urriaren 3a

Promozio Mailako Lau t’erdiko Txapelketako final-laurdenak jokatuko dituzte eskualdeko bi pilotariek.

Lau t’erdiko Eusko Label Txapelketa asteburuan hasiko da, Promozio Mailakoarekin batera. Eskualdeko hiru pilotarik parte hartuko dute lehen jardunaldi horretan. Hirurek larunbatean jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan, 18:00etan hasiko den pilota jaialdian.  

Lehen partida Erik Jaka lizartzarraren eta Asier Arteaga lasartearraren artekoa izango da, final-zortzirenetako kanporaketei dagokiena. Ondoren, maila berean, Retegi Bi eta Victorrek neurtuko dituzte indarrak. Jaialdia Promozio Mailako partidarekin amaituko da. Bertan eskualdeko bi ordezkari ariko dira lehian: Jon Ander Peña tolosarra eta Beñat Urretabizkaia ikaztegietarra. Peña II.aren eta Urretabizkaia II.aren arteko partida final-laurdenetakoa izango da.

Bestalde, kaiolako lehiak igandean Tolosa bisitatuko du. Beotibar pilotalekuan txapelketako partida jokatuko baita 17:00etan hasita. Elezkano II.a eta Irribarria izango dira nor baino nor eta sarrerak www.aspepelota.eus webgunean salgai daude dagoeneko. Erreserbak 667 48 72 73 telefono zenbakira deituta egin daitezke. Igandean leihatilan ere egongo dira salgai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!