Mintzalagun egitasmoan izena emateko aukera zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 2a, 16:39

Galtzaundik koordinatzen du egitasmoa Tolosaldean eta Anoeta, Zizurkil eta Villabonako udalek hartzen dute parte, Uemarekin batera.

Mintzalagunen sarea zabalduz eta sendotuz doa Euskal Herrian zehar. 6.000 pertsonek baino gehiagok osatzen dute, 120 herritan banatuta. Tolosaldean, zehazki, pasa den ikasturtean 80 lagunek hartu zuten parte, 15 taldetan banatuta. Doako aukera da Mintzalaguna eskualdean eta egunotan izena eman daiteke.

Urte osoan zehar, astean behin, ordubetez, euskaraz hitz egitea du helburu egitasmo honek. «Lagunartean, solasean, elkarri kontuak kontatuz... euskara modu informalean praktikatzeko aukera paregabea da», esan du Idoia Olano Anoetako euskara teknikariak. «Etxetik kalera bi jauzitan salto egiteko aukera eskaintzen dute mintzapraktika egitasmoek: etxeko bakardadetik taldeko girora lehendabizi eta, taldeko konplizitateaz, kaleko erabilerara gero».

Harreman berriak euskaraz egiteko aukera bikaina eskaintzen du proiektu honek. Ekimen honetan parte hartuz, «euskarari eta euskal gizarteari laguntzen diote norbanakoek». Bidelaria da, euskara ikasten ari eta hitz egiteko zailtasuna duena; eta bidelaguna, berriz, euskaraz jakin edo euskaldun zaharra izan eta euskaraz egin nahi duenari lagundu nahi diona.

«Euskaraldia ate joka dugu eta Euskal Herri osoan hamaika egunez euskaraz arituko gara. Ariketa aproposa da, baina hamaika egunetara mugatu ordez, zergatik ez urte osoan mantendu?», galdetu du Olanok.

Horregatik, herritar guztiak gonbidatu dituzte egitasmora. Hainbat eragilek bultzatzen dute Tolosaldean Mintzalaguna egitasmoa: Anoetako Udalak eta AEKk; Villabonan eta Zizurkilen bertako udalek eta Tolosaldeko gainerako herrietan Galtzaundi euskara taldeak. Uemak ere babestu du ekimena.

IZEN EMATEKO BIDEAK

Anoeta. Andoaingo AEKn (943 59 17 04 edo andoain@aek.eus) edo Anoetako Udalean (943 65 12 00 edo euskara@anoeta.eus).

Villabona. 943 69 21 00 (329 luzapenarekin) edo euskara@villabona.eus helbidean.

Zizurkil. Udal bulegoetan, 943 69 10 12 telefonoan (4 luzapenarekin) edo bulegoa@zizurkil.eus helbidean.

Tolosa eta Tolosaldean. Galtzaundi taldearen egoitzan, Tolosako Nafarroako etorbidean. 943 65 50 04 edo galtzaundi@galatzaundi.eus.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!