Orain Presoak dinamika aurkeztu dute Tolosaldean

Ataria 2018ko urriaren 1a

Igandean Zelatunen argazki jendetsua atera zuten eskualdeko herritarrek, urriaren 20ko Donostiako manifestaziorako deialdia luzatuz.

«Konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako unea da» Orain Presoak dinamikak argitu duenez, eta horregatik, espetxean dauden pertsonen aurkako salbuespen neurriekin bukatzeko eskatu du. «Presoa ez ezik, senideak, eta hauen artean zaurgarrien diren haurrak eta adin nagusiko pertsonak ere zigortzen ditu, Espainiako zein Europako legediaren aurka doan espetxe politikak». Gaur egun, 269 euskal preso daude euren senideengandik ehunka eta milaka kilometroa urrunduak.

Dinamikak, lehentasunez, euskal presoen urruntzearekin amaitzeko eskatu du, «astebururo ehunka senidek ehunka kilometro egitera behartzen baititu». Horrekin batera, larriki gaixo dauden presoak askatzea eta bi estatuko zigorren batuketa aplikatzea ere eskatu dute dinamikatik, baita lehen graduaren aldaketa ere.

Euskal jendartearen «aktibazio eta protagonismoan» sinesten duela dio Orain Presoak dinamikak eta korapiloak askatzeko, elkarbizitzarako eta orain arte batu ezin izan direnak batzeko unea dela dio.

Ostiralean aurkeztu zen dinamika eskualdean, Anoetan egindako agerraldian, eta bide batez, presoen auzia konpontzeko Donostian urriaren 20an egingo den manifestaziorako deia luzatuko dute bertan.  "Herri honetan inoiz izan den mobilizaziorik handiena bilakatzen laguntzea" eskatu diete Tolosaldeko herritarrei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!